Behar bereziko pertsonentzako gaitasun diploma eskaintzen du Huhezik

0
1842

Beheko testua: Mondragon Unibertsitatea.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak gaitasun soziolaboralen diploma berria eskainiko du adimen-desgaitasuna edo autismoa duten gazteentzat. Titulu berria, ONCE Fundazioak babestua, unibertsitate-esperientzia inklusibo, irisgarri eta egokitu bat eskaintzeko dago diseinatuta, eta gazte horien autonomia indartzeko, unibertsitate-bizitzan aktiboki parte har dezaten, eta enplegurako bidea arrakastaz egiteko treba daitezen. Ikasleak fakultateak eskaintzen dituen beste gradu batzuetako ikasleekin batera egongo dira prestakuntza-esparruetan; izan ere, elkarrekiko ikaskuntza bultzatzen du horrek, eta campusean benetako inklusioa ahalbidetzen. Zortzi hilabeteko iraupena izango du: urriaren 6tik ekainaren 11ra.

Prestakuntza-saio gehienak aurrez aurrekoak izango dira, eta metodologia aktiboak erabiliko dira; besteak beste, proiektuetan eta arazoetan oinarritutako ikaskuntza, laneko benetako egoeren simulazioak, kasu-azterketak eta elkarlana. Gainera, ikasleek tutoretza pertsonala izango dute hamabost egunean behin. Partaidetzan oinarritutako jarduera praktikoen bidez, ikaskuntza esanguratsu, kooperatibo eta inklusiboa sustatuko da. Eskolak Eskoriatzako campusean emango dira, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:30era.

Programa adimenaren, garapenaren eta/edo espektro autistaren %33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonentzat da, betiere programa hasten denean 18 urtez gorakoak eta 30 urtez beherakoak badira. Diploma egiteko interesa dutenek Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren onuradun izan behar dute ikastaroa hasi baino lehen. Hori egiaztatzen duen ziurtagiriaren antzinatasuna ikastaroa hasi edo onuraduna ikastaroan sartu baino hamabost egun lehenagokoa izango da, gehienez ere.

Ikasleek 125 orduko praktika profesionalak egingo dituzte inguruko enpresa edo erakundeetan, enplegu lagunduaren metodologiaren barruan. Prozesu horretan, ikasle bakoitzak lan-prestatzaile baten zuzeneko laguntza izango du hasiera batean, eta laguntza hori pixkanaka txikituko da, ikaslearen autonomia eta konfiantza sendotze aldera.

Matrikula egiteko azken eguna uztailaren 10a izango da, eta tituluak 16 plaza ditu. Izena emateko, interesa dutenek inprimaki hau bete eta Idazkaritza Akademikora bidali behar dute, helbide honetara: idazkaritza.huhezi@mondragon.edu.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen