Begirada Adia: “Bakardade ez-aukeratuko adinekoei laguntzeko, herrikideak beharrezkoak dira”

1
406

Arrasatear hauek detektatzeko, Bizi Poz eta SSI Aurrerantz kooperatibek formakuntza emango diete botikariei, ile-apaindegiei, sozialki aktiboak diren adinekoei,… Udalak bidaide izango dute, eta helburua da adineko hauen ongizatea bermatzea.

Argazkia: Noticias de Gipuzkoa.

Begirada Adia izeneko egitasmoa aurkeztu dute gaur goizean Bizi Poz, Udala, SSI Taldeko Aurrerantz. Hurrenez hurren, Bea Santamaria, Maitane Muñoz eta Karmele Acedo aritu dira.

SSI Talde kooperatiboko (Grupo Servicios Sociales Integrados S.Coop.) Aurrerantz kooperatibak gaur egun Arrasateko Etxez Etxeko Zerbitzua kudeatzen du.

Kooperatiba honek egitasmo ezberdinak aurkezten ditu, tartean Begira Adia deiturikoa, eta Aldundiak proiektu onena bezala aukeratu du, ‘Etorkizuna eraikiz’ ekimenean. Ondorioz, Aldundiak egitasmo hau finantzatuko du eta Aurrerantzek ko-finantzatuko du.

Iaz Udala adinekoen bakardade ez-aukeratua lantzen hasi zen. “Gizarte Zerbitzuetatik ‘Begirada Aktiboa’ abiatu genuen, batez ere Jubilatu Elkarteekin. Hauek formakuntza bat jaso zuten eta ‘antena’ batzuk sortu ziren”.

Hau da, “Jubilatu Elkarteetako arduradunek bere inguruari adi erreparatu zioten, eta pertsona batzuen egoera zaurgarriak guri transmitutu zizkiguten”.

Ondoren, Gizarte Zerbitzuek “begiratu genuen ea pertsona horren inguruko espedienterik bagenuen edo ez, eta gero zorionez pertsona horiei arreta egin genien”.

Pandemiak, baina, “jokabide kontserbadoreagoa izatera behartu gintuen, batez ere adinekoen parte-hartzeari zegokionez”.

Kontuan hartzekoak dira “adinekoak oso garrantzitsuak direla gure gizartean, eta gure udalerriko biztanleen %25 baino gehiago 65 urtetik gorakoa dela. Horrela, zahartze aktiboa sustatzen dihardugu”.

SSI Talde kooperatiboak Bilbon halako esperientzia bat egin du eta “emaitz oso onak izan ditu. Ekimena hona ekarri dugu, eta buelta bat gehiago emango zaio: egitasmoko sustatzaileak harremanetan jarriko dira komertzioekin, botikekin,… hau da, gizarteko gune gehiagorekin”.

Egitasmo honek Udala “bidelagun” izango du, eta ez da udal-partidarik erabiliko. Helburua da “egoera zaurgarrietan edota bakardade ez-aukeratuan dauden adinekoak detektatzea, eta beharrezkoa denean, eurekin lanketa bat egitea, euren ongizatea bermatzeko”.

Karmele Acedok baieztatu du “hauskortasun soziala pandemiaren aurretik ere egon bazegoela, baina krisi honek agirian utzi du pertsona hauen beharrak ez zeudela behar bezala asetuta”.

Horren arrazoi nagusia da “pertsona hauek euren familiekin, lagunekin, auzoarekin,… konexioa galdu dutela. Egitasmoak helburu du Arrasateko herritarrak aktibatzea, beste pandemia hau gutxitzeko”.

Horretarako “garrantzitsua da pertsona nagusien elkarteetan dabiltzan adinekoekin elkarlanean aritzea eta Bizi Pozen esperientzia baliatzea. Baita Arrasateko komertzioekin, osasun-sarearekin, botikekin,… ere, eta batez ere Arrasateko bizilagunekin”.

Egitasmoak nahi du “Arrasate bere adinekoen bakardadearekin konpromeiturik izatea”. Egitasmoak espero du ere Debagoieneko beste udalerri batzuetan abiatzea.

Nola gauzatuko da Begirada Adia egitasmoa? “Lehenik, Udala harremanetan jarriko da bertako komertzioekin, adineko pertsonen ondoan daudenekin, batez ere okindegiekin, ile-apaindegiekin eta botikekin”.

Izan ere, gune horiek “konfiantzazkoak dira adinekoentzat, eta behar dugu eurek ‘antena’ lanak egitea, bakardade egoerak detektatzeko. Horretarako, komertzioek egitasmo honekin bat egin beharko dute”.

Ondoren, komertzio hauei “formakuntza erraz bat emango diegu, argi izan dezaten zer den bakardade ez-aukeratua, nola detektatu ahultasun soziala,… Asuntoa ez da zelatatzea, ez da pandemiako ‘bizilagun-polizia’ ikaragarriarena egitea”.

Komertzioentzako jarduera horiek Bizi Pozekin dinamizatuko ditu. Egitasmo arrasatear honek 2017tik zahartze aktiboa sustatzen dihardu, Udalarekin elkarlanean.

“Programa bat martxan jarri genuen, juntekin elkarlanean aritu izan gara, bai batzorde hauek dinamizatzeko eta 2021ean aholkularitza tekniko honi eusten diogu Arrasateko lau jubilatu etxeetan, Adinekoen Kontseiluan, Sasoibiden eta alor honetako sarean”.

Begirada Adia baliagarria izango da “jubilatu etxeetara ez doazen, Sasoibideren ibilbideetan parte hartzen ez duten,… pertsonak detektatzeko, baita pertsona horiek animatzeko ere, gizartean gehiagotan parte har dezaten”.

Horretarako, Bizi Pozek formakuntza emango die “zahartze aktiboan dihardutenei, sozialki aktiboak direnei,… hain zuzen, euren inguruan detekta ditzaten sozializazioan laguntza behar dituzten pertsonak”.

Hartara, kafe-gune batzuk antolatuko dira eta Bizi Pozek dinamizatuko ditu. Baita beste topaketa batzuk ere, betiere “etxetik gehiago irteteko motibazioa izan dezaten”.

Bizi Pozek aurreikusten du pandemiaren ondorioz “prozesu konlexua izango dela: zailagoa izango da bakardade ez-aukeratua detektatzeko edo kalera ateratzeko beldurra kentzeko. Horregatik nahi dugu formakuntza eraginkorra ematea”.

Arrasateko kooperatibak espero du “kafe-gune eta antzeko topaketak denboran zehar jarraitzea, ez daitezela partxe bat izan. Baita aholku tekniko hau baliagarria izatea pertsona horiek aurrerantzean jubilatuen etxeen funtzionamenduan parte har dezaten, adibidez euren beharrak adieraziz”.

SSI talde kooperatibako gerenteak gehitu du bakardadearen arrazoiak “askotarikoak izaten direla, horietako bat diru falta izan daiteke, baina adibidez kafe baten prezioa jubilatuen etxeetan sinbolikoa da. Garrantzitsua da prebentzioa ere lantzea, eta horretarako eskola bat abiatu genuen iaz”.

Kafe-gune hauek “astean behin eta jubilatuen elkarteetan egitekoak dira. Garrantzitsua da solaskideek elkar ezagutzen hastea”.

Iruzkin 1

  1. Maitane ez saiatu zure kontzientzia lasaitzen.
    Laguntza hau oso ondo iruditzen zait, baina non daude laguntzak honezkero 18 urte bete dituztenantzat?
    Orain Txatxilipurdirekin ere arazoak izan dituzue, gogorarazten dizut hemendik urte gutxira hor adinez nagusiko mutilak izango dituzuela.
    Nola kudeatuko duzue? Isunen bitartez?
    Ala orain kudeatzen duzuen bezala, arazoari bizkarra emanez?

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen