BDZtik supermerkatuetara joan dira Israelen ekoitzitako produktuak erretiratzera

0
888

Testua: Arrasateko BDZ.

Arrasateko BDZtik beste behin LIDL eta BM-ra joan gara bi supermerkatu horietan oraindik ere ez dituztelako kendu Israelen ekoitziak diren produktuak. BM-n Medjoul datilak, BM pipak eta Garden Gourmet markako produktuak dituzte euren apaletan, 729 barra kodea dutenak. LIDL-en berriz, Medjoul datilak eta Lupilu toallitak dituzte salgai.

Berriro joan gara supermerkatu hauetara herritarrei eta supermerkatuko langileei produktu sionistak zeintzuk diren jakinarazteko. Supermerkatuetako langileei lana errazte aldera, guk geuk produktu sionistak apaletatik kendu eta erosketa orga batean utzi ditugu.

Ekintza honen bitartez, supermerkatu hauen jarrera hipokrita salatu nahi dugu. Aurreko batean bertaratuko ginela abisatu genuen aldez aurretik sare sozialetan deialdia zabalduz. Hori ikusirik, beraiek produktuak kendu zituzten, baina hurrengo egunean berriz jarri zituzten. Bertaratuko garela abisatzen dugunean badirudi produktuak kentzeko baimena dutela. Orduan, zergatik ez dituzte behingoz produktu horiek behin betiko kentzen? Honek erakusten du borondate falta dela, eta ez eskumen edo baimen falta: produktu sionisten jatorria ezaguturik ere, produktu hauek saltzen jarraitzeko erabakia hartua dute BM eta LIDL-ek.

Ekialde hurbilean egoera larritu egin da Trumpen garaipenarekin. Trumpen asmoa Gaza resort bat bihurraraztea da. Trumpen garaipena aprobetxatuz, genozida sionistek beste behin ere Gazan giza- laguntza sartzea ukatu dute, “bake prozesua” apurtuz. Azken urraketa hau urraketa zerrenda luze baten parte besterik ez da: sionistek Gaza iparraldera itzultzea ukatzen eta oztopatzen diete behin eta berriz palestinarrei, ez dituzte presoak askatzen, eta giza laguntza sartzeko trabak jartzen dituzte. Zapalkuntza ez da Gazan soilik ematen: Zisjordanian hilketak, okupazio ilegala, atxiloketak eta genozidio isilaraziak egin dituzte sionistek; Libanorekin eginiko bake prozesua ere ez dute bete, eta Sirian Altos de Golamen eta beste lur batzuen kolonizazio ilegala abiatu dute, 7 base militar eraikiz Assaden gobernua erori eta gero…

Argi dago Israelek bere plan kolonizatzailean beste urrats bat eman duela. Israelgo estatu genozida geldiarazteko dugun modu bakarra boikota da. Horregatik, guk gure lanean jarraituko dugu, herritarren artean informazioa zabaltzen eta produktu israeldarrak ez erosteko deia egiten, produktu hauek erostean genozidioa, supremazia, arrazakeria eta herrialdeen okupazio ilegala finantzatzen baitira.

Arrasateko BDZra herritar askoren haserrea heldu zaigu, eta borroka luzatzen dabilela ikusita, haserre dauden herritarrei dei zabala egiten diegu produktu hauen aurkako borroka nahi duten eremura eraman dezaten, izan pegatinak jarriz edo norberak egoki ikusten dituen ekimenen bitartez. Produktuak kendu arte borrokan jarraituko dugu!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen