BDZk protesta-ekintza egin du Lidl-en Israelen genozidioa salatzeko

0
2847

Atzo, osteguna, BDZ taldeak protesta-ekintza burutu zuen Lidl supermerkatuan, Israelek Palestinan egiten duen genozidioa salatzeko. Taldearen arabera, Lidl da oraindik Israelen produktuak saltzen jarraitzen duen supermerkatuetako bat, eta horren aurrean salaketa publikoa egin nahi izan zuten.

Ekintzaren ardatz nagusiak izan ziren Israelen ekoitzitako bi produktu: Lupilu markako toailatxo higienikoak eta Medjoul datilak. BDZren ustez, horrelako produktuak kontsumitzea “genozidioarekin eta giza eskubideen urraketekin zuzenean kolaboratzea” da. Hori salatzeko, protesta sinboliko modura, ume palestinarren hilotzak irudikatzen zituzten panpinak utzi zituzten supermerkatuan barrena.

BDZk adierazi duenez, azken hilabeteotan herritarren presioari esker supermerkatu askok kendu dituzte Israelen jatorria duten produktuak euren apaletatik. Hala ere, kritikatu dute Lidl oraindik ez dela pauso bera ematera ausartu.

Bestetik, taldeak salatu du Palestinaren aldeko ekintzak eta aldarriak erasoen jomugan daudela. Boikota sustatzeko kartelek, pankartek zein muralek erasorik jasan dutela azaldu dute, eta salatu dute “sionisten eskutik” etorri direla horiek. Hala, ohartarazi dute “sionistak herrian aske dabiltzala” eta erne egoteko deia egin dute.

Amaitzeko, BDZk azpimarratu du “indartsu” jarraitzen dutela eta mobilizazioak areagotzeko asmoa dutela etorkizunean: “gure herria sionismotik libre izan arte”, adierazi dute irmo.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen