Azken asteetan, Arrasateko BDZko (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) eta Al Ahli Arab elkarteko kideak herriko farmazietan ibili dira, Teva markako botikak saltzeari uzteko eskatzen. Kanpainaren helburua da, azaldu dutenez, Israelgo farmazeutika enpresa horrek Palestinako egoerarekin duen lotura salatzea.
BDZk jakinarazi duenez, Teva farmazeutika israeldarra da, eta Teva, Tevagen, Ratiopharm eta Davur markako farmakoen fabrikazioaren arduraduna. Mundu mailan sendagai generikoen ekoizle handienetakoa da, eta, haien esanetan, bere jarduerak Israelgo erregimen militar eta kolonialaren mesedetan egiten dira. “Tevak milioika dolar sortzen ditu Israelgo erregimenaren mesedetan, eta horrela, genozidioa eta apartheid erregimena errazten ditu”, adierazi dute.
Elkarteek azaldu dutenez, Tevak Tel Aviven du egoitza nagusia, eta lau ekoizpen-zentro Israelen. Horrez gain, Zisjordanian dauden legez kanpoko kokalekuetan ere jarduten duela salatu dute, eta Nazio Batuen Erakundeak konpetentzia desleiala egitea leporatu diola gogorarazi dute, Palestinako lurraldeetan salmenta monopolizatzeagatik.
Nazioarteko Justizia Gorteak egindako azken adierazpenak ere aipatu dituzte, Israelek Palestina legez kanpo okupatzen duela ondorioztatuz. BDZren arabera, horrek nazioarteko komunitatearen betebeharra indartzen du Israelen jarduerak oztopatzeko, eta boikot, desinbertsio eta zigorretarako deia legitimatu egiten du.
Testuinguru horretan, Arrasateko BDZk duela bi hilabete baino gehiago hasi zuen Tevaren inguruko informazioa zabaltzen herriko farmazietan, farmazialariei boikot kanpainarekin bat egiteko eskatuz. Hala ere, azaldu dutenez, azken asteetan bigarren itzuli bat egin behar izan dute, oraindik badirelako Teva eta haren markak saltzen dituzten farmaziak.
Bereziki aipatu dute Santa Marina farmaziaren kasua. BDZren arabera, “herrian Teva farmazeutikarekin lan egiten duen farmazia nagusia da”, eta hiru hilabetez saiatu badira ere, ez dute bertako arduradunekin harremanetan jartzea lortu. “Urtarrilera arte itxaroteko esan digute, eta gurekin hitz egiteari uko egin diote”, adierazi dute. Taldearen iritziz, farmazia horrek Tevarekin negozio harremana mantendu nahi du.
BDZk azpimarratu du boikota ez dagoela soilik farmazialarien esku, eta herritarrei zuzendu diete deia. “Farmazietara goazenean, ez dezagun erosi Teva, Tevagen, Ratiopharm edo Davur etxeko farmakorik”, adierazi dute.
Amaitzeko, kanpainaren mezua nabarmendu dute: “Guztion esku dago; egin diezaiogun boikota Tevari”, eta gogorarazi dute euren ustez “Gabonetan Palestinan ez dela bakerik izango, eta genozidioaren konplize direnei ere bakerik ez ematea” dela helburua.




