Testua: Arrasateko BDZ.
Gure borroka, ez da soilik supermerkatuetara mugatzen. Aste hauetan herriko 70 ileapaindegi baino gehiagotatik pasa gara, hauetan egon daitezkeen Israel jatorriko produktuak zeintzuk diren informatzeko. Horretarako jarraian dagoen eskutitza banatu diegu ileapaindegiko arduradunei.
Dendako arduradun zaren aldetik, Israelgo Estatuaren aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigor (BDZ) kanpainaren berri ematera gatozkizu. Kanpaina horren barruan, horrelako establezimenduetan erabiltzen diren eta Israelgo Estatu sionistarekin lotura duten ile apainketako eta kosmetikako produktuen zerrenda bat eman nahi dizugu.
Helburua da merkaturatzen dituen produktuak berrikustea eta Israelgo ekonomiari laguntzen diotenak saihestea, Israelek Nazioarteko Zuzenbidea bete eta Giza Eskubideak errespetatu arte. Hona hemen eskaera honek eragiten dien marka eta produktuen adibide batzuk:
- Ahava: (Itsaso Hileko mineralekin egindako kremak eta kosmetikoak). Mitzpe Shalem (Zisjordania okupatua) legez kanpoko kokalekuan egiten ditu bere produktuak.
- Premier Dead Sea Products: (Itsaso Hileko maskarak eta gatzak). Kalyako (Zisjordania okupatua) legez kanpoko kokalekutik operatzen du.
- “MADE in ISRAEL” kosmetika eta ile-apainketako beste marka batzuek, Itsaso Hileko osagaiak dituztenek, ez dituzte fabrikak, bulegoak edo egoitza soziala NBEk legez kanpoko kokalekutzat jotzen dituen horietan (Segurtasun Kontseiluaren 2334 Ebazpena), baina haien produktuen lehengaiek Palestinako lurralde okupatuetan dute jatorria. Askotan nahita ezkutatzen dute jatorria arrazoi horrengatik. Hauek dira marka horietako batzuk: Alma K Dead Sea Minerals, Sea of Spa, Christina Cosmetics, Sabon.
- “MADE in ISRAEL” enpresak, apartheidaren eta israeldar kolonialismoaren ekonomia garatzen modu aktiboan eta erabakigarrian laguntzen dutenak: Moroccanoil, Arganicare. Moroccanoil enpresaren kasuan, iaz, EUROVISIÓN jaialdiaren babesarekin, enpresa horrek modu erabakigarrian lagundu zuen, genozidioaren erdian, Israelgo estatu sionista palestinarren aurka egiten ari den giza eskubideen urraketei aurre egiteko marketing eta garbiketa kanpainarekin.
- L’Oréal (marka espezifikoak: Kerastase, Redken, Matrix) (ile-apainketako produktuak): L’Oréalek filialak ditu Israelen, eta lurralde okupatuetan jarduten duten Israelgo enpresetan (start up batzuk) laguntzen eta inbertitzen du.
BDZ kanpaina Palestinako gizarte zibilaren ekimen bat da, mundu osoko talde sozial, sindikal, kultural eta eragile politikoek babestu eta abian jarria. Kanpainaren izenak iradokitzen duen bezala, hiru zutabetan oinarritzen da: Israelgo Estatuari Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak Palestinako lurraldeen kolonizazio eta okupazio ilegalagatik, nazioarteko legezkotasunaren etengabeko urraketengatik, bere metodo errepresiboengatik, bere izaera arrazistagatik eta diskriminatzaileagatik…
BOIKOT EKONOMIKOA, zehazki, Israelgo ekonomian eragin bat izan nahi du, alde batetik okupazio ereduaren sostengu gisa balio duena (Israelgo ekonomia ez da ulertzen okupaziorik gabe), eta aldi berean, ekonomia palestinar independente eta bideragarri bat oztopatzeko papera jokatzen du.
Horregatik guztiagatik, eskatzen dizugu establezimendu honetan erabiltzen eta merkaturatzen dituzun produktuak berrikus ditzazula eta aipatutakoak ekidin edo ken ditzazula. BDZ Euskal Herritik behin eta berriz jarraituko dugu Israelgo Estatu sionistaren izaera genozida salatzen eta boikota eskatzen herri palestinarraren eskubideen errespetuaren alde presioa egiteko bitarteko gisa.
Har ezazu agur bero bat. Lehenik arduradun gehienen jarrera adeikor eta ulerkorra eskertu nahi dugu eta gaiari jarri dioten interesa. Herriari honako deia zabaldu nahi diogu, zuen ileapaindegian produktu hauetako bat ikusiz gero, esaiozu ez duzula genozidioaren, supremaziaren, arrazakeriaren eta kolonialismoaren konplize izan nahi eta produktu horiek ez ekartzeko eska iezaiozue arduradunari.




