AGT Arrasate/Eibar ez da lehiaketara itzuliko urtarrilaren 15era arte.
Testua: Isei Barbero. Argazkia: MB artxiboa.
Asteburu honetan Euskal Ligako 1. Mailako bigarren fasea jarriko da martxan eta, estreinaldiko jardunaldian, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak Nafarroa aldera joango dira. Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak Baztanen jokatuko du aurreneko partidua, igandean, hilak 8, eguerdiko 12:00etan hasita.
Bi partidu irabazita eta denboraldiko aurreneko zatian azkenaurreko postuan sailkatu eta gero, aurten Kanpanzar Arrasatek ez du igoeragatik borrokatzeko baliagarria den txartela eskuratu. Gauzak horrela, sarrailagileek bi multzoetako sailkapenen atzealdeko taldeak izango dituzte aurkari datozen hilabeteetan, mailari eusteko baliagarria izango den borrokan.
Asteburu honetan aurkari izango duten BRT Menditarrakekin batera, orain arte multzokide izandako Uni Bilbo izango da Barrutiaren mutilen beste aurkaria bigarren fase honetan. Honetaz gain, A multzoko Atletiko San Sebastian eta Zornotzako Urgozo taldeek osatuko dute arrasatearren multzoa denboraldiko bigarren urrats honetan.
Bigarren fasea joan-etorriko ligaska izango da, 10 jardunaldiz osatuta, esan bezala, aurrenekoa, asteburu honetakoa. Astero-astero talde batek atsedena hartuko du, eta ligaska apirila hasierara arte luzatuko da. Barrutiaren mutilek laugarren eta azkenaurreko jardunaldietan hartuko dute atseden, otsailaren 5 eta martxoaren 26ko asteburuetan, hurrenez hurren. Azken sailkatuak maila galduko du; azkenaurrekoari, aldiz, promozioa jokatzea egokituko zaio.
Kartelera
Seniorrek igandean jokatuko badute ere, Arrasate Errugbi Taldearen kartelera lehenago jarriko da martxan, zapatuan, hain justu ere. Egun horretan, 10:00etan hasita, 16 urtez azpikoek Gernikari egingo diote bisita. Leku berean jokatuko dute baita ere 18 urtez azpikoek, baina 11:15eatik aurrera. Igandean, berriz, beste bi hitzordu izango dira: Ohi bezala, 10:30eatik aurrera Errugbi Eskolak eta Inklusiboko taldeak entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin. AGT Arrasate/Eibar ez da lehiaketara itzuliko urtarrilaren 15era arte.