Elkarretaratzeak, “oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoaren” aurrean, “Euskal Herriarentzat benetako demokrazia” aldarrikatu du. Halaber, babesa agertu zaie auzipetatutako bost ordezkariei.
Espainiar estatuko Auzitegi Gorenak Bateragune auziaren inguruan hartutako erabakia dela eta, kontzentrazioa egin da Herriko plazan.
Deitzaileak ondoko 13ak izan dira: Arrasateko Emakumeen Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Gure Esku, Sare, ELA, Steilas, ESK, LAB, CCOO, Ahal Dugu, Ezker Anitza eta EH Bildu.

Izan ere, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak epaiketa justurik izan ez zutela ebatzi eta gero, pasa den astelehenean Auzitegi Gorenak Bateragune auziagatik jada kartzela-zigorra bete zuten Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodrigez berriz epaitzea erabaki du.
“Erabakia larria da, eraso berri bat oinarrizko eskubide demokratikoen eta Euskal Herriaren aurka” salatu du bilkurak.

“Eta Arrasaten ordezkaritza daukagun aipatu eragile sindikal, sozial eta politikook, Euskal Herri mailako beste zenbaitekin batera”, “erantzun sendo eta transbertsala emateko batu gara”.
Elkarretaratzeak “Euskal Herriarentzat benetako demokrazia eskatu” du eta “injustizia berri honi herri gisa erantzun” dio.