“Arrasaten basoko animalia batzuk gehiago ikusten dira, baina ez da inbasio bat”

0
2791

Jon Ugarte eta Fermin Lezeta Arrasateko basozainek baieztatu digute konfinamenduak “bake handia eragin duela Ingurumenean”.

Argazkiak: Jon Ugarte eta Gipuzkoako Basozainak. Bideoak: Gontzal Landa Herbias.

Fermin Lezeta eta Jon Ugarte Aldundiko basozainak dira, eta Arrasateko eta oro har bailarako Ingurumena zaintzen dihardute.

Baieztatu digutenez udaberri berezia izaten ari da aurtengoa, baina ez soilik konfinamenduaren ondorioz. Gutxienez lau faktore nagusi daude:

Alde batetik, pasa eta kontrapasa sasoian gaudenez, Afrikatik esaterako hegazti ugari etorri datoz eta horrek animalia kopurua hazi egin du.

Gainera, aurtengo udaberria “oso ona izaten ari da, goxoa eta epela. Beste urte batzuetan baino lehentsuago iritsi da”.

Gizakien konfinamenduak ere Ingurumenean eragina izan du: “bakea eman du, zarata maila ikaragarri jaitsi da, batik bat jarduera gutxien izandako 15 egunetan”.

Azkenik, txakurren presentzia jaistea ere lagungarria izan da: “usaimen oso ona dutenez, orkatzen eta basurdeen arrastoa atzeman ohi dute, eta askotan molestatzen dituzte”.

Bi basozainek argi utzi nahi dute basoko animaliak “ez dabiltzala gizakien ohiko eremuak inbaditzen. Ondorio horretara irits gaitezke hedabideek bidalitako hainbat mezu jasoz gero”.

Zentzu horretan, Jon Ugartek azaldu du “egia dela azeri, basurde eta lepazuri banaka batzuk ikusi ditugula, baina hori ezin da inbasiotzat hartu. Miru gorri gehiago daude, zabaltzen ari den espeziea delako, eta sarraskijale batzuk ere ikusten dira, sai zuria tartean”.

“Apoek adibidez Arrasate-Aramaio errepide ondoko errekara joaten dira arrautzak errutera. Trafikoa gutxitu denez, aurten arrautza gehiago ikusten dira errekan”.

Dena den, gizakiaren eragina ez da beti kaltegarria beste animalientzat: “Basoko animaliek ere ohitzeko gaitasun handia dute. Hala, hildako ganaduaz saiak, ugatzak,… elikatzen dira; urubiek etxe abandonatuetan kabiak egiten dituzte, lepazuriak eta azeriak oportunistak dira,…”.

Basozainek azaldu dutenez, egungo egoeratik zera ondoriozta daiteke: “Natura bakean utziz gero, aldatu egiten dela, baina aldaketa sakon bat lortzeko aste batzuk ez direla nahikoak”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen