“Baskoniak Liga irabazteko Ivanovic oso garrantzitsua izan da”

0
1033

Saskibaloia ondo baino hobeto ezagutzen duten hiru arrasatearrekin izan gara orain arte: Jokin Etxebarria, Jabi Zurbano eta Josu Larreategi.

Argazkiak: MB artxiboa eta Iraurgi.

Josu Larreategi:

“Neurri batean ustekabean harrapatu nau, taldea denboraldi honetan bere onenean ez zegoen. Hala ere, koronabirusari loturik, Liga formatu honetan bukatzea erabaki da, Errege Koparen formatua bezalakoa, eta horretara ondo moldatu dira”.

“Asko sufritu dute, partidu guztiak gutxigatik irabazita, baina Dusko Ivanovicen nortasunarekin taldeak aldaketa handia izan du, eta titulua lortu dute”.

“Inor gutxik ikusten zuen Baskonia faborito bezala, bere maila azken urteetan aurrekoetan baino baxuagoa izan da, lehia batez ere Barça eta Madrilen artekoa izan da, eta batez ere Lasoren taldeak menperatu ditu lehiaketa guztiak”.

“Baskoniak Liga irabazteak bultzada handia da hemendik aurrera gauzak ahalik eta ondoen egiteko. Argi dago Ivanovicek taldearen ekarpen berezia egiten diola. Batzuek diote estrategiarik ez duela, bere jokoa begi bistakoa dela: defentsa gogorra eta kontraerasoan jokatzea ahalik eta gehienetan”.

“Nik Ivanovic ondo ezagutzen dut, eta entrenamenduetan behin baino gehiagotan errepikatzen du mugimenduak egitea berak nahi duen moduan egiteko. Partiduetako azken segundoetan nabari da entrenamenduko lana. Adibidez atzoko finaleko azken jokaldian igarri zen nolako entrenatzailea den Dusko”.

“Baskoniak 4 liga irabazi ditu, horietako 3 Dusko Ivanovicekin. Berarekin ere Errege Kopak eta Superkopak irabazi izan ditu. Beraz taldarentzat Dusko gidari izatea oso garrantzitsua da. Oraintsu irakurri dut datorren denboraldian Gasteizen jarraituko duela. Lan bikaina egin dezake, eta entrenatzaile aproposena da Baskoniak tituluak lortzen jarraitzeko, edo behintzat horretan ahalegintzen jarraitzeko”.

Jabi Zurbano:

“Baskonia une garrantzitsuenetan maila oneneko taldeen artean izan da. Lehiaketa formatu hau berarentzat mesedegarria da. Baliteke Liga amaitu izan balitz futbol ligan bukatzen ari den bezala (partidu guztiak jokatuz) Baskoniak ez luke izango orain izan duen zortea”.

“Baskonia iaioa da horrelako lehiaketetan (Kopa, Final Four,…), eta esperientzia handia dauka. Gainera oso sasoiko iritsi da moralki eta fisikoki. Lesionatutako edo ukitutako jokalariak berreskuratzen zorte handia izan du, Bildoza esaterako. Maila bikaina eman dute, eta erakutsi dute Baskonia beti kontuan hartu behar dela”.

“Titulu hau oso garrantzitsua da askorentzat Baskonia azken urteetan gainbeheran zegoelako. Nire ustez, ez zegoen horrela, baina bai bere fitxaketa politika txarra edo ez-zuzena izan da. Klubak batzuen aldeko apustua egin dute, baina gero ez dute maila nahikoa eman azken denboraldietan. Gainera ez da zorionekoa izan, lesioek eragin handia izan dute”.

“Hala ere, Liga irabazteak Zuzendaritzan poz handia eragin behar du, nahiz eta pandemiaren ondorioz baldintzetan izan. Haize freskoa da bere proiektuak biziberritzeko eta datorren denboraldia prestatzeko”.

“Nik uste baja asko egongo direla datorren denboraldira begira. Baskoniak ezingo die kanpotik etorriko die eskaintzei erantzun, adibidez zurrumurruen arabera CSKAk Shengeliari milioi askoko eskaintza egingo dio. Bildoza ere baliteke beste talde batean jokatzea”.

“Baskoniak Liga irabaztea oro har euskal saskibaloiarentzat lorpen itzela da. Gasteizko taldea eta Bilbao Basket azken fasea jokatzeak erakusten du Euskadin gauzak ondo egitearen aldeko apustua egiten dela”.

“Ez daukate lehen zeuzkaten milioi askoko aurrekontuak, baina hala ere kapaz izan dira euskal zaletuoi gorakada bat eragiten. Bagenuen horren beharra”.

“Zorionak Baskonia, denboraldiko azken zatian zirrara eragin digu, eta titulu honek balio dezala Baskoniaren eta Bilbao Basketen proiektuak bezalakoak errespetuz tratatu daitezen. Badirudi beti elitean egon behar dutela, baina euren une txarrak ere bizi dituzte. Ea lorpen honek balio duen goialdean jarraitzeko eta lortzeke daukagun Final Fourra lortzeko”

Jokin Etxebarria:

“Kristona da, saskibaloiaren ikuspuntutik analizatuta, Baskoniari on egin dio konfinamenduak, izan ere, Dusko Ivanovic-ek bere zigilua taldeari jarri ahal izan dio, garaipenean sinestarazio dio eta puntuan jarri du txapelketa honetarako”.

“Gainera, Baskonia oso ondo moldatzen da formatu honetan, izan ere, partidu gehiago talde handien aurka jokatu behar izan denean, zailagoa izan du irabaztea”.

“Hortaz gain, Baskoniak dena ondo egin du: jakin izan du partiduak nola bideratu, ideia horretan sinetsi du, eta zorte pixka bat aldeko izan du. Saskibaloizale eta Baskoniazale batentzat hau kristona da, ezin da azaldu”.

“Ni sare sozialetan ibili naiz, eta lagunekin ospatuko dut batez ere saskibaloi munduko lagunekin. Baliteke Gasteiza bertaratzea eta ospatzea baina pasatu barik. Ospakizunak egitekotan, tentuz egin behar dira. Ez da garai onena kaleetan zoroen pare ibiltzeko. Klubak ere zentzuz jokatzera dei egin du. Beraz, Andra Mari Zuriaren Plaza betetzea beste baterako utzi beharko dugu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen