Azoketan produktuak saltzen zituzten baserritarrei, produktuak merkaturatzen laguntzea da ekimenaren helburu nagusia, ekoizleen zein bezeroen osasuna bermatuz. Zerbitzuaren antolaketa lan hauetan esperientzia duen Lurrarte Baserriko Uzta enpresarekin kontatuko da.
Testua: HAZI.
Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiak eta HAZIk azoketara produktuak zuzentzen dituzten baserritarrentzako produktuen bilketa eta merkaturatze zerbitzu bat jarriko dute martxan. Azoketan produktuak saltzen zituzten baserritarrei, produktuak merkaturatzen laguntzea da ekimenaren helburu nagusia, ekoizleen zein bezeroen osasuna bermatuz. Zerbitzuaren antolaketa oso konplexua izanik, lan hauetan esperientzia duen Lurrarte Baserriko Uzta enpresarekin kontatuko da. Lurrartek, HAZI eta Landa Garapen Elkarteetako teknikarien laguntzarekin egituratuko du zerbitzu hau, azokak antolatzen dituzten hiri eta herrietako udal arduradunekin elkarlanean, beti ere.
Baldintzak, bilduko diren produktuak, beharrezko logistikaren ezaugarriak, prezioak eta abarren inguruan argitasunak izateko, baserritarrek 943693074 telefonora deitu ahal izango dute, astelehenetik ostiralera 8:00tatik 14:30etara, edota 688643670 telefonoko whatsapp-era idatzi (Erreferentzia: barazki Bilketa).
Bilketa antolaketa konplexua izanik, zerbitzuak egun batzuk eman beharko ditu logistika gai guztiak lotuta edukitzeko, baina bitartean horren inguruko informazioa baserritarrentzat eskuragarri egongo da aipatutako harremanetarako kanaletan. Covid-19 birusa lehen sektoreko zuzeneko salmentan edukitzen ari den eragina arintzea da helburua. Izan ere, pandemiaren aurrean, salbuetsitako merkataritza-establezimenduetatik kanpo elikagaiak saltzea saihesteko gomendioa eman zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak.
Gomendio hori betetzeak, azoketara produktuak ematen dituzten baserritarren saltzeko aukera bertan behera uzteak suposatzen du, horrek sor dezakeen galerarekin.