Barrakak ordezkatzeko puzgarriak eta jolasak egongo dira San Juanetan

0
474

Testua eta argazkiak: Arrasateko Udala

Atzo iragarri bezala, San Juanetan Arrasatera etorri ohi diren barrakek, aurten, ez etortzea erabaki dute. Ezohiko egoeraren aurrean, eta atzo aurreratu bezala, Arrasateko Udalak haurren entretenimendurako alternatibak jarriko ditu.

“Barrakek uzten duten hutsuneak ezin ditu haurren kalterako izan, horregatik, jaiak iraungo duten egunetan haurren jolaserako alternatibak jartzeko erabakia hartu genuen duela aste batzuk. Alternatiba horien artean daude puzgarri ezberdinak eta edota jolasak” adierazi dute Udal ordezkariek. Egitarauaren berri ekaineko lehen astean emango badute ere, aurreratu dute ohiko puzgarriez gain, eguraldi ona egingo balu, ur-puzgarriak ere jarriko dituztela iragarri dute.

Alternatiba gisa jarriko duten jolas parke hauek ez dute kostu gehigarririk izango herritarrentzat, erabat doakoak izango dira.

Aspalditik datorren arazoa

Sanjuanetan barrakak ez egotearen arazoa ez da berria, azken urteetan barraken kopurua gutxitzen joan da. Udal Gobernuak uste du arazoa ez dagoela baldintzetan: “barrakak jartzeko baldintzak berdinak dira Gabonetan, Sanandreseko jaietan, Musakolako jaietan eta baita San Juan jaietan ere. Kontua da, lehen hiruetan jende mugimendu handia dagoen bitartean, San Juanetan afluentzia gutxi egon izan ohi dela. Arrazoiak askotarikoak izan daitezke, jaiek eskaintze duten egitarau zabala, kanpora bidaiatzea, edota eguraldi ona aprobetxatuta herritik kanpo egotea. Honek, azken finean, eragin zuzena du barraken errentagarritasunean”. Gobernuak adierazi duenez, barrakek ordaintzen duten tasa “prezio sinbolikoa”, metro karratuko 5 eta 10 euro artekoa baita.

Egoera honen aurrean, “aspaldiko arazo bati konponbidea ematen saiatu gara azken asteetan, eta lan horretan jarraituko dugu datorren urtera begira. Azken asteetan bi aldiz egon gara barraken jabeekin, eta, behin San Juanak pasatuta, bilera bat egiteko eskaera luzatuko diegula aurreratu diegu, haien beharrak identifikatu eta soluzioak bilatzeko”.

Halaber, gaiarekin zerikusia duten bestelako eragile batzuekin ere bilduko dela iragarri du Arrasateko Udalak, besteak beste Gurasoen Asanbladarekin edota Haurren Kontseiluarekin, “guztion neurrira egongo den soluzioa bilatzeko”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen