“Bankuek erreskatea itzul dezatela, Zerbitzu Publikoak sendotzeko”

0
581

Segurtasun- eta osasun-neurriak aplikatuz, atzoko bilkuran Arrasateko Pentsionisten Plataformak salatu zuen “adibidez egoitzetako pribatizazioak” koronabirusaren testuinguruan izandako “ondorio tragikoak”.

Argazkia: Plataforma.

Arrasateko Pentsionisten Plataformak antolatuta, atzo eguerdiko 12:00etan, astelehenero legez, bilkura egin zen Herriko plazan.

Segurtasun- eta osasun-neurriak hartu zituzten elkarretaratzean, eta lagun mordoxka batek parte hartu zuen.

“Osasun eta gizarte krisi hau nabarmentzen ari da zein garrantzitsuak diren Zerbitzu Publikoak jende guztien berdintasuna bermatzeko”.

Horregatik “funtsezkoa da Zerbitzu Publikoak indartzea, eta ez daitezela esku pribatuetan egon, enpresek bakarrik irabaziak lortzeko”. Bide honetan plataformaren lehentasuna “desberdintasunak ekiditeko publikoa defendatzea da”.

Kudeaketa pribatuko adibide batzuk “egoitzak dira. Bertan behin eta berriz salatu dituzte zaintza-lanak egiten dituzten langileek beren prekarietatea”. Horrek koronabirusaren testuinguruan “ondorio tragikoak izan ditu”.

Zerbitzu publikoak sendotzeko “beharrezkoak dira horiei baliabide ekonomikoak, giza baliabideak eta baliabide materialak aplikatzea”. Horretarako “ezinbestean, zerga-erreforma sakona egin behar da eta aberastasuna modu ekitatiboan banatu”.

Azpimarratu dute ezin direla errepikatu 2008 aurrerako krisia egindakoak: “galerak sozializatzea eta irabaziak pribatizatzea”.

Bide honetan “bankuei egindako milioi askoko erreskateak ez dira berreskuratu, ezta gehien dutenei ordaindu beharreko zergak igo ere”. Horregatik egungo krisiei aurre egiteko “aberastasunaren eta irabazien gaineko zerga progresiboen medioz bideratu behar da”.

Testuinguru honetan pentsionisten “urgentzien parte dira Pentsio Sistema Publikoaren defentsa, eta pentsiodunen bizitza eta duintasuna babesteko 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, batez ere emakumeena”.

Pentsionistek jarraitzen dute “Eusko Jaurlaritzari pentsio baxuenak 1.080 euro arte osatzeko eskatzen”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen