Nire adineko guztiok ezagutu dugu gure aurrezkien banku-kudeatzailea. Noizean behin bisita egiten ziguna diruei, akzio hauek edo besteak erosiz gero errentagarritasun gehiago atera zeniezaiekeela abisatzeko. Urtean bizpahiru aldiz telefonoz deitzen gintuena, etxera posta bidez iritsitako banku-kontuen interesen emaitzarekin ados ote geunden galdetzeko. Edota, zorte (eta diru) apur bat gehiagorekin edozein elkarte gastronomikotan hamaiketako goxoa prestatzen ziguna, gure sosekin berak egindako kudeaketaz gustura ote geunden jakiteko. Eta, beti beti, berarengana jo behar genuenean irribarretsu eta abegitsu atenditzen gintuena. Duela ez hainbeste urteko gauza nahiko arrunta zen hori guztia, oraingo bankaren bezero gazteei zientzia fikzioko zerbait irudi dakiekeen arren.