Erdiguneko familiek, komertzioek,… ADSL konexioa baino ez dute, eta “egoera jasanezina” dela salatu dute. Areago konfinamenduko garai hauetan. Horregatik bertako lau akademiek ekimen bat abiatu dute, eta ostiral honetan batzar irekia egingo da Kulturaten.
Zerk bultzatu zaituzte akademiak batu eta ekimen hau sortzera?
Erdigunean bizi garen eta lan egiten dugun pertsonok aspaldidanik sentitzen genuen zuntz optikoaren beharra. Gaur egungo egoerak internet konexio duin baten beharra handiagotu egin du, eta Internet lan eta bizitzeko ezinbesteko tresna bilakatu da. Erdiguneko bizilagunok lan egiteko ditugun ezintasunak ikusita, erdialdean dihardugun 4 akademia batu eta bizilagunekin batera bidea egiteko elkartu ginen. Etxetik lan egin behar eta ezin duten familia asko dira gurekin bat egin dutenak, baita lan egiteko zailtasun eta moteltasunarekin dabiltzan merkatariak ere.
“Zuntz optikoa erdigunean orain!” aldarrikatzen duzue… Zer da zehazki eskatzen duzuena?
Aldarrikatzen duguna sinplea da: 2021ean zuntz optikoa erdigunean ere egotea. Teknikoki posible da erdigunean zuntza sartzea udaletxeak zuntz optikoa baduelako. Hortaz, herriaren erdira iristen bada argi dago gainerako etxeetara iristea posible dela. Bestetik, informazio falta handia daukagu eta inork besterik adierazi ezean, gure aurreikuspenen arabera baliteke 2024 arte ez izaterik zuntz optikorik erdigunean. Ulertzen dugu erdiguneko bizilagunak egoera honetan egotea ez dela ardura pribatu bat (familia eta negozioek duten arazo bat) eta ardura publiko bat den heinean Arrasateko Udalak hilabete gutxitan zuntza egon dadin ahalegin guztia egin beharko luke. Erdigune moderno batean lan eta bizi nahi dugu langile eta familiok.
Hala ere, aldarrikapen hau ez da berria. Zergatik orain?
Jakin badakigu asko direla kexatu diren herritarrak, areago konfinatu gintuztenetik. Etxean egotera behartu gintuzten, eta askok bertatik egin behar izan genuen lan. Haur eta gazteek ere nekez lortzen zuten konexio duin bat ikastetxearekin konektatzeko eta etxean 3 kidek konektatu nahi izanez gero ezinezkoa zen aldi berean denak aritzea. Gizartea eta mundua aldatu egin da eta orain internet konexio eskasarekin ibiltzea Arrasateko erdigunean onartezina da. Familia, merkatari eta gainerako negozioentzat egoera jasanezina da.
Gestelen aukera ere badago, alegia, airetik iristen den zuntza, zergatik ez duzue aukera honen alde egiten?
Ez dugu ezer Gestel konpainiaren aurka, gainera badakigu Ibai-Arte borrokan aritu dela denboran zehar alternatibaren bat aurkitzeko. Hala ere, alternatiba honek erdiguneko bizilagun asko ez gaitu asetzen prezio oso garestia ordaindu behar delako (68 euro/hilean) soilik Interneten truke (telefonoak, telebistak… ez daude barne). Uste dugu erdiguneko bizilagunok eskubidea dugula, gainerako herritarrek bezala, zuntz optiko arrunta edukitzeko, ekonomikoa eta kalitatezkoa. Gainera, oraindik aireko “zuntzaren” eraginkortasuna ez da frogatu eta uste dugu nahikoa arrazoi direla, ekonomikoki eta praktikoki, zuntz optiko arrunta eskatzeko.
Ostiral honetarako batzarra deitu duzue KulturAten, zeini dago zuzenduta?
Erdigunean lan eta bizi garen familia (ikasle, guraso…) eta langile guztiak gaude deituta. 4 akademietako kideon asmoa da guk egindako diagnosi txikiaren berri ematea eta modu bateratuan Arrasateko Udaleko arduradunei gure kezkak plazaratzea. 2021ean Arrasateko Erdiguneak zuntza behar du, ezin dugu horrela jarraitu.
Noiz arte ? Ur parkeak nonai, eta herrialdeko langile, ikasle-irakasleok… Zer?
Gainera, pandemia egoera honekin, etxetik lan egiten gabiltzanok, zer?
Dirua benetako beharretan inbertitu behingoz…… Guztientzako, guztiena da eta.
Maria andereari argi dau iguel dutzela herritarrak. Berak dirua BurgerKing, zuhaitzak botatzen eta holakotan inbertitzen dau.