Baketik Fundazioak Izeba proiektua aurkeztu du Arrasaten

0
498

Cristina Suarez eta Maite Aseginolaza Baketik Fundazioko kideek Izeba proiektua aurkeztu dute gaur arratsaldean Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden haur eta nerabeei denbora eskaintzen dieten boluntarioen sare bat kudeatzen du. Horiekin batera Xabi Eskizabal boluntarioa ere izan da, bere esperientzia kontatuz. Arrasaten dauden bi harrera-etxeetako begiraleak eta erabiltzaileak ere izan dira hitzaldian.

Maite Aseginolazak azaldu duenez, une honetan 400 haur daude Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean. “Haur eta nerabe horien artean ez dute denek eskatzen proiektu honetan parte hartzea, boluntarioa baita, bai boluntario nagusientzat, bai hartutako haurrentzat eta nerabeentzat. Proiektuan parte hartzen duten haur eta nerabeek 8 eta 17 urte bitartean dituzte.” Boluntarioei dagokienez, ” 300 familia inguruk hartu dute parte proiektuan, martxan daramatzan 10 urteetan.”

Boluntariotza programaren funtzionamenduari buruz azaldu duenez, “boluntarioek, astean behin edo 15 egunean behin, denbora pasatzen dute haur edo nerabe horiekin beren bizi-kalitatea ahal den neurrian hobetzeko. Printzipioz, 18 urtetik gorako edozein pertsona izan daiteke boluntarioa, eta horretarako denbora izatea eskatzen dugu. Haur eta nerabe horiei denbora eskaintzea. ” Azpimarratu duenez, “gutxienez urtebeteko konpromisoa eskatzen dugu, baina epe luzerako harremanak bilatzen ditugu. Helburua denboran iraungo duten harreman naturalak sortzea da.”

Izeba proiektuan parte hartu nahi duten pertsonak Baketik Fundazioarekin harremanetan jar daitezke beren webgunearen bidez, aurkituko duten inprimakia betez, telefono bidez deituz edo email bat bidaliz.

Hitzaldian Xabi Eskizabalek ere parte hartu du, boluntario moduan izandako esperientzia kontatuz. Eskizabal Ordizian bizi da, ezkonduta dago eta hiru alaba ditu. Proiektuan parte hartzeko ideia bere emaztearengandik etorri zen eta duela 4 urte Izeba proiektuan boluntario sarti ziren. “Gure alabekin komentatu ondoren, proiektuan sartzea erabaki genuen. Batez ere, Izeba proiektuak haur eta nerabe horien beharrei gure denbora eskaintzeko aukera ematen zigulako animatu ginen. Gainera, denbora nola antolatu erabakitzeko aukera ematen zigun proiektuak.”

Azaldu duenez, “familiak ere asko jasotzen du denbora partekatzen dugun haur eta nerabe horiengandik. Gure kasuan, gure alabei beste errealitate batzuk daudela irakasteko balio izan du, eta maitasun pixka batekin lagundu dezakegun guztia erakusteko. Oso aberasgarria izan da.”

Eskizabalek Izeba proiektuan parte hartzera animatu ditu beste familia batzuk. “Nik esango nieke ondoan beharrizanak dituzten haur eta nerabeak ditugula, Foru Aldundiaren babespean daudela ondo zainduta ez zeudelako, baina ez dutela familia-egiturarik inguruan eta maitasunik. Horregatik, gure laguntza eta maitasunarekin oso laguntzen diegu haur eta nerabe horiei.”

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen