Bailarako ostalaritzak “berehalako erreskate duin bat” aldarrikatu du

0
2730

Manifestazio jendetsua egin dute Arrasateko eta Leintz bailarako ostalariek, bestelako herritarrek lagundurik, gaur arratsaldean. Sektoreak gobernuburuei adierazi nahi izan diete ostalariek “espetxe-zigorra soberan bete” dutela.

Gaur arratsaldean manifestazioa egin da Maiatzaren 1a plazatik hasita Arrasateko kaleetan zehar, Deba gorriko sostalariak taldeak antolaturik.

Manifestariek “eskerrak ematen dizkiegu, bihotzez” ostalaritzaren alde aritu direnei, ari direnei eta arituko direnei. Ondoren, sektorearen garrantzian jarri dute azpimarra:

“Gure kulturaren zigilu delako, Barne Produktu Gordin nazionalean duen eraginagatik, sortzen dituen lanpostu guztiengatik eta turismoaren garapenerako funtsezko baliabide izateagatik”, ostalaritzak bere garrantzia arrazoitu du.

Gipuzkoako ostalaritza “inoiz baino bateratuagoa egonik” bere eskubideak aldarrikatu ditu orain arteko “gure lan duinagatik, etengabeko aldaketetara moldatzeagatik eta gizarteari eginiko onura iraunkorragatik”.

Halaber, manifestariek salatu dute ostalarien lan-egoera “ezegonkor eta prekarioa, gobernuak ezarri dizkigun etengabeko kondenen eta itzalpera bideraturiko egoeren” ondorioz. “A plana, B plana? Ez, eskerrik asko! Berehalako erreskate duina orain!”.

Baieztatu dutenez “Ostalaritza, gaur egun, ez da infekzioen arreta foku”. “Ostalaritzak bete du, soberan, espetxe-zigorra eta eguno bizimodura guztiz egokituta dago”. “Aski da! gure etengabeko espetxeratzea lasaitze sozial gisa erabiltzeari. Aski da! Ostalaritza galzorira eramateari!”.

“Urte asko ostalaritza munduan autonomo gisa, urte asko era guztietako egoeretara moldatzen, aldarrikapen askoren erakusleiho izaten. Baina, gaurko gure egoeran, nork babesten gaitu? Aski da!”.

Zenbait datu plazaratu dituzte “bizitzen ari garen injustizia egoera” gaitzesteko: Euskadin 13.500 ostalaritza negozio, 51.500 langile ingururekin. Gipuzkoa mailan, 5.000 negozio inguru, 19.000 langile eta haien familiekin. “Hau da, justizia arrastorik gabe kondenaturiko 100.000 pertsona inguru”.

Bien bitartean, diru laguntzak “barregarriak, limosna hutsa dira. Gure kontuek zorrez, maileguz josiak dihardute. Hori guztia, negozioa eraberritzeko beharrezko aldaketen inguruan eragozpenak sortzen jarraitzen dituzuelarik, adibide gisa, gaur egun funtsezko baliabide den terrazen instalaziorako oztopoak”.

Gobernuburuei eskatu diete “azaldu iezaguzuela, nola aurre egin, nola lasai egon, egunak pasa ahala hiltzen bagoaz”, “zuon erabakiak mus partida baten harturikoak bezain sakonak direla ikusten dugun bitartean. Aski da! Zuen profesionaltasun faltagatik ostalaritzako kide eta haien familiak galzorian gaude!”.

Ohartarazpen gogor bat ere bidali nahi izan diete: “Sufritzen ari garena aintzat hartuz, arazo gutxi sortu ditugulakoan gaude. Kontziente izan, arrazoi gutxiagorekin guda asko sortu izan direla”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen