Bailarako alkateek Aldundiari eskatu diote Avanza enpresarekin duen kontratua ez berritzeko

0
1454

Debagoienan autobusa da herri batetik bestera mugitzeko dugun garraio publiko bakarra. Gainera, honen erabilera goraka doa, erabiltzeak dituen hobariengatik edota herritarrek jasangarritasunarekiko duten kontzientziarengatik.

Hala ere, zerbitzu honen inguruko kexak salatu dite bailarako hainbat herritarrek eta alkateek ere bat egin dute herritarrek jarritako kexa hauek. Kexa hauetako batzuk dira: Puntualtasuna, autobus kantitatea edota autobusen egoera.

“Azken urteetan erabilerak gora egin duen bezala, zerbitzuaren kalitateak nabarmen egin du behera azken urtetan; autobusen egoera, matxurak, puntualitate eza, jendez lepo doan autobusa hartu ezinik geratzen diren erabiltzaileak.… Debagoienak duen garraio publiko bakarra autobus zerbitzua da eta iruditzen zaigu zerbitzu publiko honek ez dituela gure eskualdearen mugikortasun beharrak egoki erantzuten. Horregatik, kalitatezko garraio publikoa ezartzeko aukera aprobetxatzeko” eskatu diote Aldundiari adierazi dute.

Testuinguru honetan Debagoieneko alkateek agerraldia egin dute Zalduspeko geltokian, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzeko Avanza enpresarekin kontratua “ez luzatzeko”, eta zerbitzuan “hobekuntzak jasoko dituen kontratu berri bat” onartzeko, non zerbitzu duina bermatuko den.

Zerbitzua hobetzeko aukera baliatzeko eskatu zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari

Martxoan amaituko da eskualdeak Avanzarekin duen kontratua eta horregatik, zerbitzua hobetzeko proposamenak kontuan hartu eta aurrera eramateko unea dela uste dute Alkateek.

Avanza enpresarekin kontratua amaitzear den honetan, “ez litzateke ulertuko diputazioak egungo kontzesioaren iraupena luzatu nahi izatea”, horrek, “zerbitzua dagoenetan utziko luke” salatu dute. “Orain da momentua autobus zerbitzu publikoa hobetzeko, aukera hau aprobetxatuta, baldintza berriak ezarri eta kontratu berria egiteko. Gipuzkoako Foru Aldundiari autobus zerbitzua hobetzeko aukera hau ez galtzeko eskatzen diogu” adierazi dute.

Hala ere, Aldundiko departamentutik entzunak izaten ari direla ere adierazi dute eta baikor agertu dira akordio batera iriste aldera. Gainera, kontratua martxoan amaitzen den arren, zerbitzuari dagozkion hobekuntza batzuk lehenago ezartzeko aukera ere zabalik dago.

Urgentziazko hobekuntzak eskatu dituzte

Proposamenak,honako 3 esku hartze “urgente” hauetan laburbiltzen dituzte:

  1. Maiztasuna 15 minutukoa dela bermatzea
    Bailarako mugikortasunari dagokionez, herrien arteko loturaren maiztasuna
    15 minutukoa dela bermatzea. Horretarako:
  • Herrien arteko linea azkarrak jartzea
  • Linea batzuen kapilaritatea zabaltzea
  1. Hiriburuekin dauden loturak hobetzea. Lineak hobetzea, maiztasuna handitzea, errefortzuak indartzea.
  1. Puntualtasuna bermatzeko neurriak hartzea. Hori hobetzeko hainbat proposamen:
  • Zerbitzua emateko autobus kopurua egokitzea bermatzea.
  • Autobusen baldintza tekniko egokiak bermatzea. Mantenua bermatzea.
  • San Prudentzio eta Epeleko errotondaren artean autobusentzako errei propioaren aukera aztertzea.

“Debagoieneko alkateok ardura handiz bizi dugu egoera hau eta ondorioz, gaurkoan, alkateon eta herritarren hitza kontuan hartu eta egin beharreko hobekuntzak barnebilduko dituen emakida berri bat lantzeko eskatzen diogu Aldundiari. Bide horretan, Aldundiko Mugikortasun departamenduari gure proposamenak helarazi diogu, zerbitzuak behar dituen aldaketak egiten hasteko”.

Agerraldian izan dira Maider Morras Arrasateko alkatea, Edorta Zubizarreta Eskoriatzako alkatea, Garikoitz Iturbe Aretxabaletako alkatea, Izaro Elorza Oñatiko alkatea, Gorka Artola Bergarako alkatea, Olatz Lezeta Antzuolako alkatea, Ibon Unzetabarrenetxea Elgetako alkatea eta Dorleta Elkorobarrutia Leintza Gatzagako alkatea, eta Mankomunitateko Lehendakariak.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen