Aztarnariek arrasatearrei: “Gutxitu harreman sozialak, batez ere sasoi honetan”

0
1731

Aztarnariek baieztatu dute Arrasatek duela intzidentzia tasa altuena Euskal Autonomia Erkidegoan, 14 egunetan Metatutako Intzidentzia 1518 positibo 100.000 biztanleko baita.

Azpimarratu dute Debagoieneko beste herrietan intzidentzia jaisten doala: “Eskoriatza 1.008, Bergara 773, Aretxabaleta 605, Antzuola 545, ELgeta 525, Leintz Gatzaga 400 eta Oñati 325’85”.

Arrasaten (eta Bergaran eta Leintz bailaran) egindako baheketek “emaitza ona izan dute, eta kasuak atzematen lagundu gaituzte, baita kontaktuak mugatzen eta kutsatze berriak saihesten ere”.

Kasu positibo gehiago dituen adin tartea “15 eta 30 urte artekoa da, eta ondoren 10 eta 15 urte artekoak. Helduetan ere kalteak handiak dira”.

Onartu dutenez, “ez dugu lortzen kutsatze fokua lokalizatzen, eta beraz kutsatzea edonon eta Komunitatearen esparruan gerta daiteke”.

“Kasu berri gutxiago ditugu. Hala ere, kasu berriek 15-20 kontaktu dituzte, eta horietako asko kutsatzen dira azkenean”.

Aztarnariek berresten dute neurriak hartzen jarraitzearen beharra: maskara erabili, segurtasun distantzia mantendu, eskuak maiz garbitu,… Halaber, “berebiziko garrantzia du harreman sozialak gutxitzeak, batez ere Gabonak hastear direnean”.

6 pertsonarekin egon ahal izateak (10ekin gabonetan) “ez du esan nahi asktasuna dugunik egunero edo momentuoro beste 5 pertsonarekin batzeko, horrek ez du laguntzen. Saiatu harremanak talde itxietara mugatzen, ahalik eta gehien”.

Alde horretatik, aztarnariek dei egiten dute “kontaktu sozialak murriztera, ez soilik leku itxietan, baita parkeetan eta bestelako toki irekietan ere”.

Hau da, “herritarren kolaborazioa eskatzen dugu kutsatzeak gutxitu eta desagerrarazi ahal izateko, ahalik eta gehien, Eskualdean eta bereziki Arrasaten. Guztion arteko kolaborazioarekin, eta Covid-aren aztarnariok egiten gabiltzan lanarekin, lortu ahalko dugu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen