Uztailaren 18tik greba egiten dabiltza, abuztuan zehar goizez bilkurak egiten, eta gaur prentsaurrekoa egin dute:
Irailak 1 ditu gaur eta agerraldia egin dute Herriko plazan. Bertan lorezainek eta LABek grebaren aldarrikapenak berretsi dituzte:
“Ez dugu Udalaren eta enpresaren erantzunik jaso, eta grebarekin aurrera jarraituko dugu. Interpelatzen ditugu bai Arrasateko Udala (arduradun politiko bezala), bai enpresa, lan-gatazka honi irtenbide bat topatzeko”.
Bide honetan “gure proposamena mahai gainean dago – adierazi du LABeko Ana Sebal Agirregabiriak – gure eskaerak bertan daude, eta gure helburua lan-akordio duin bat lortzea da, azpikontrataturiko udal-zerbitzuko langileentzat”.
Era berean, LABek langileak zoriondu ditu “borroka eredugarri hau aurrera eramateagatik, mobilizazioei eusteagatik. Uste dugu badela garaia”.
Langileen izenean ere, Xabi Aiastui Zubiak gehitu du “48 egun pasatu dira uztailaren 18an greba mugagabe bati hasiera eman genionetik. Gure eskaera berbera izan da hasieratik”:
“Lorezaintzako langileon lan-baldintzak hobetuko dituen akordio baten beharra. Ez dugu beste munduko ezer eskatzen, besteak beste, soldata igoera eta KPIaren araberako igoera bermatuko dituen akordioa lortu nahi dugu”.
“Azpikontratatutako udal-zerbitzua eskaintzen dugun langileak gara. Gure lan-baldintzak estatu mailako hitzarmenean onarritzen dira, eta gaur egun ez ditu Arrasateko bizi-mailaren baldintzak betetzen”.
“Bigarren mailako langile eta herritar sentitzen gara, eta ez dugu prekarietate egoera batean murgildurik bizi nahi. Gutako askoren soldata oinarria 1.200 eurotik azpitik dago, eta horrek aipatutako prekarietate egoera betikotzen du”.
“Sistema kapitalistak, patronalak eta enpresek, besteak beste, beraien etekinak handitzeko, langileon bizitzak prekarizatu eta pobretzen ditu. Ez dugu gure kontura aberastuko den inoren mesedetan lan egiterik nahi”.
“Lanpostu duinak aldarrikatzen ditugu. Arrasaten bizi eta lan egiten dugun langileak gara, egunero jasaten dugu prezioen igoera etengabea, bizitzaren garestitzea, eta azken finean herritar askok bezala, erosahalmena mantentzeko zailtasunak, eta honen guztiaren ondorioz, prekarietate egoeran jarraituko dugu, lan-akordio duin bat adostu ezean”.
Uztailaren 19an langileon lan-arauak baldintzatuko zituzten pleguak onartu asmo ziren Udalbatzan, “baina enpresarekin akordioa lortu ez genuenez, Udalari ez onartzeko eskatu genion. Guk negoziatzen jarraitzeko hautua egin genuen”.
Baina beste aldeen “borondate eza medio”, greba mugagabean jarraitzen dute “egoera konpondu arte. Lan-gatazka Prezero enpresaren eta Arrasateko Udalaren artean dago, eta egoera hau lehenbailehen konpontzeko eskaera egiten dugu”.
“Garbi daukagu langiliok antolatu eta borroka piztuz gero, emaitzak lortuko ditugula. Eta guk horren aldeko apustua egin dugu, lan eta bizitza duinen alde, eta gure eskubideen defentsan, lan-akordioa orain!”.
Bidenabar, prentsaurrekoa baliatu dute herritarrei iragartzeko irailaren 15ean (osteguna) herri-manifestazioa egingo dela, Herriko plazatik abiatuta, arratsaldeko 18:00etan, “gure aldarrikapenekin bat egiteko eta langile grebalariei babesa adierazteko”.
Era berean, egunero astelehenetik ostiralera bilkurak egiten jarraituko dituzte Seber Altuben, goizeko 11:30ean.
Iraileko Udalbatzari dagokionez, “printzipioz Udalak prestatu du lan-baldintzen plegua akordio batekin. Beraz, pleguak prest daude lan-akordioa barne izateko. Hala ere, adostasunik ezean, pleguak aldatu beharko lirateke”.
Horregatik “espero dugu iraileko Udalbatzara akordio batekin iristea, eta pleguak onartzea eta argitaratzea akordio hori barne”.




