Testua eta argazkia: Isei Barbero – Arrasate Rugby Taldea.
Orain direla aste batzuk iragarri bezala, Covid-19aren osasun krisia dela-eta, aurten Arrasate Errugbi Taldeak ez du Garagardo Azoka ekainean ospatuko. Klub zuri-moreak ateak zabalik utzi ditu ekimena aurrerago burutzeko, “betiere osasun egoerak horrela ahalbidetzen badu” baina, bitartean eta “arrasatearren egarria asetzeko asmoz”, ART-k artisau-garagardoak jarriko ditu salgai.
Zarautzko garagardogile batek artisau eran eginak eta diseinuak klubaren armarria duela, 12 botilaz osatutako loteak Agirre-Etxe harategian eta Lazkano musika dendan eskuratu ahalko dira 30 euroren truke ostiral honetatik -hilak 12- aurrera. Hiru garagardo mota egongo dira aukeran -gorria (tostatua), horia eta beltza-, eta nahi duenak hirurak 3x4ko lotean nahastuta erosteko aukera izango du. “Ekimen honekin bat egiten dutenek, Arrasate Errugbi Taldea laguntzeaz gain, garagardo paregabeaz gozatzeko aukera izango dute baita ere”, azaldu du klubeko presidente Ane Agirrek.
Esan bezala, salmenta puntuak bi izango dira: Agirre-Etxe harategian eskuratu nahi dutenek, bertara joan eta zuzenean erosi ahalko dute, eskudiruzko ordainketa eginez; Lazkano musika dendan erosteko, berriz, honako loturan eskaera egin eta, behin ordainketa Bizum sistema bidez 688 60 21 06 telefono zenbakian eginda, bertatik pasatu beharko da lotea jasotzera.
“Aukera erabat baztertuta ez baldin badago ere, oso zaila ikusten dugu aurten Garagardo Azoka egitea, horregatik klubaren garagardoa salgai jartzeko ekimena abiaraztera animatu gara”, adierazi dute Arrasate Errugbi Taldetik. Probatu dutenek “primerakoa” dela diote, eta klub zuri-moretik jendea animatu nahi dute artisau-garagardo hauek dastatzeara, “egarria asetzeaz gain ART-ri ere bultzada emango baitiote”.