Azkonar bat, espezie gautarra, hilik agertu da Muru inguruan

1
1091

Orain gutxi bi katajineta agertu dira Arrasateko inguruan, eta oraingoan beste mustelido bat azaldu da. Espezie hau ere gauez ibiltzen da gehienbat.

Argazkiak: Ramon Ugalde.

Bi mendizale arrasatearrek azkonar hil batekin egin dute tril Murugain aldean, Eskoriatzako Gellao baserri auzoaren eta Aretxabaletako herrigunearen artean, errepide bazterrean.

Azkonar arrunta (Meles meles) gauez ibili ohi da, eta oso zaila da berau egun argitan ikustea, Wikipediak azaltzen duenez.

Sasoi honetan eta udaren amaieran izaten dira bere estaltzeak. Paraje menditsuetan bizi da, landareria eta zelaiak tartekatzen dituena.

Intsektuak jaten ditu, batez ere erleak eta eztia, baita bestelako ornogabeak ere, ugaztun eta narrasti txikiak, artoa, fruituak, landareak eta haratustela.

Ipar Ameriketakoa sortzez, bertako zenbait herriren mitologiaren arabera, gauak eta egunak bedeinkatutako izakia da, bere kolore zuri-beltza dela.

Begizkoa eta azkonarra [Testua: Ramon Ugalde]

Pedro Ignazio Barrutiaren ‘Acto para la Nochebuena’ / ‘Gabonetako ikuskizuna’ delakoan azkonarrarekin lotutako pasarte interesgarri bat dago. Izan ere, azkonar txiki bat hilik agertu zen Gellaoko errepide bazterrean eta hortik etorri zitzaigun gogora XVIII. mendeko teatro lan horretan azkonarrari egindako aipamena:

Mesede eske nagozu,
Ez, arren, orain ukatu:
Jesukristori beardeutsat
Billanziko bat kantatu:
Adi, adi,adi, adi,
Adi ezazuz berba bi
Azkonarraren atzarmartxoa
Ekarriko dot menditik
Begizkorik eztegizuen
Bulartxoreanisegi

Hori gure euskara modernora aldatuta horrela izango litzateke:

Mesede eske nagozu / ez, arren, orain ukatu / Jesukristori behar diot / bilantziko bat kantatu/
Azkonarraren hatzapartxoa / ekarriko dut menditik / begizkorik ez dagizuen / bulartxotik eskegi.

Kantu hori egiten duen pertsonaia Gracioso da, teatro obraren protagonista inportanteenetarikoa. Esaten du, gutxi gorabehera pobrea dela eta daukan diru guztia gabon gabeko afarian gastatu duela baina borondate onekoa denez azkonarraren hatzapartxoa ekarriko diola menditik.

Azkonarraren hatzaparra kutun moduko bat zen, “amuletoa” jaioberriak begizkotik libratzeko. Kasu honetan badirudi Graciosoaren asmoa dela Jesus ez ezik bere ama ere begizkotik babestea. Begizkoa da begirada batekin norbaiti kalte egitea edo pentsatzea norbaitek gaizki begiratu dizulako nolabaiteko kaltea etorriko zaizula. Sinesmen hau oso zabalduta dago munduan. XVIII . mendean ume txikiak begizkotik babesteko lepotik zintzilik azkonarraren hatzaparra jartzen zieten. Oraindik orain etxeko abereak balizko begizkotik babesteko San Antoniori errezatzen diote / zioten.

Tamalez, Gellaon agertu den azkonartxoak ez du bere hatzaparraren babesik lortu.

Argazkietan ikus daitezke azkonarraren hatzaparrarekin egindako kutunak, Gaztelan bildutakoak dira eta museoetan daude gordeta.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen