San Andresko enpresa batzuetan ura eta lokatza sartu dira adibidez Benito Margoak, J.L. Heriz eta Cepinsan. Enpresa hauetako lagunek gaurko goiza garbiketa-lanetan jardun dute.
Bigarren argazkia: Benito Margoak.
Euritearen ondorioz, Deba errekaren maila asko igo zen atzo, eta Araba etorbideko eraikin batzuetara sartu zen. Adibidez, Polmetasa zaharreko orubearen parean dagoen eraikinean.
Benito Margoak enpresaren biltegian ere ura eta lokatza sartu ziren. “Gaur goizaleko 05:00etan biltegiaren kanpoaldean ura metro bateko altueran zegoen” [ikus beheko argazkia], azaldu digu Benito Murillo enpresako arduradunak.

“Lokal hau duela 25 urtetatik erabiltzen dugu, eta beste batzuetan errekaren uraren mailarekin arazo batzuk izan ditugu baina uraren maila ez da inoiz hainbeste igo”.
Benito eta enpresako langileak goiza garbiketa lanetan buru-belarri jardun dute, eta eguerdi parterako biltegia ia erabat garbitu dute.

J.L. Heriz diseinu industrialeko bulegoan ere ura eta lokatza sartu dira. Bertako arduradunak azaldu digu “atzo arratsaldeko 20:00ak aldera arazoa sortzen hasi zen”.
“Toalla batzuk jarri nituen urari aurre egiteko baina errekak hainbeste ur zekarren, azkenean lokalera ere sartu zen”.
Estudioaren kanpoaldean urak metro inguruko altuerara iritsi zen, eta estudioaren barrualdean 30 zentimetro ingurura.
“Gaurko goiza bulegoa garbitzeko baliatu dut eta orain aseguru-etxearekin harremanetan egon beharko dut”.

‘Eskatu’ izeneko pabilioian, Cepinsa komertzioan ur ugari sartu da, bertako arduradun batek azaldu digunez:
“Gaur goizean etorri garenean zoru dena urez beteta aurkitu dugu. Ura ez da errekatik etorri, litekeena da eraikin honetako azken solairuko aparkalekutik edo mendialdetik iritsi izana”.
Komertzioa txukuntzeko lanetan ari dira eta “ura bonbatzeko makina bat martxan jarri dugu”.
JMA enpresan ere urarekin arazoak izan dituzte lantegiaren beheko plantan. Animo urarekin arazoak izan dituzten pertsona denei!