Arrasate Zientzia Elkartearen egoitzan ‘El Balneario de Santa Agueda’ liburua aurkeztu zuen urriaren bukaeran. Egilea Juan Pedro Valenzuela Doussinague da, bainuetxearen jabea zen Mendia familiaren ondorengoa. Liburua erosgai egongo da Arrasate Zientzia Elkartean, Ttukun fotokopia-dendan eta San Juan de Dios ospitalearen harreran.
Historia-liburua da, eta, egileak azaldu duenez, “Santa Agedako bainuetxeko historia, pasadizoak eta bitxikeriak biltzen ditu, 1825ean ireki zenetik 1897an itxi zuten arte, modu atseginean, eta gainera XIX. mendean murgiltzeko modu bat da.” Informazioa biltzeko lanak 5 urte iraun du, eta, besteak beste, Arrasate Zientzia Elkartearen laguntza izan du. Liburuan agertzen diren 28 argazkien artean Mendia argazki-funtseko AZEk emandakoak daude.