Kulturolako fatxadan gaur jarritako izenak gogora ekartzen du bertan enpresa sarrailagileak jardun zuela.
Arrasate Zientzia Elkarteko kideek bertatik bertara jarraitu dituzte birjartze lanak gaur goizean.
“Denbora luzez insistitu diogu Udalari lan hau egin zedin”, izan ere, 2011-2015 legealdian “eskaera seriotasun handiagoz egiten hasi ginen”.
Gaur jarri dituzten letrak “ez dira jatorrizkoak, eta seguruenik jatorrizkoak fabrika eraiki zutenean jarri zituzten, 1939an”.
Tamalez, orduko letrak “galduta daude egun, fatxadatik kendu zirenean desagertu baitziren, XX. mendean”.
Horren ostean, eraikinaren aurrealdean ‘Saiolan’ izena ikusgai izan zen, bertan izan baitzuen egoitza enpresa-berrikuntzarako eta -sustapenerako zentroak.
AZEko ordezkariek gaur ere azaldu dute “jatorrizko letren tipografia eta gaur ipinitakoena berbera dela”, eta tamainari dagokionez “jatorrizkoak handiagoak ziren”.
Izan ere, “orduko tamainakoak jarriko bagenu orain, egungo fatxadako errotulu nagusiari (‘Kulturola’ri) protagonismo handia kenduko liokete”.
Hori kontuan hartuta, Udalari “hiru eredu aurkeztu zaizkio eta Udalak hiruretatik tamaina ertaina duena aukeratu du”. Ildo honetan, birjartze lanak Udalak zehaztu eta kontratatu ditu.
AZEri galdetu diogu ea zelan baloratzen duen birjartze hau, eta ondorengo artikuluari aipamena egin dio:
‘Damnatio Memoriae’ [Testua: Jose Angel Barrutiabengoa] | Mondraberri Arrasateko Ataria
Halaber, AZEk jakitera eman du lehengo fabrikako sirena ere berriro martxan jarri gura duela.
“Sirenak eguerdiko 12:00etan joko luke lanegunetan, eta 5 segundo eguneko. Udalari eskaera aurkeztu diogu eta sirena ere eraman diogu”.




