AZE: “Ez ditugu burutuko aurreikusitako indusketa arkeologikoak”

1
440

Argazkia: MB artxiboa.

AZEko (Arrasate Zientzia Elkarteko) Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiaren berri eman nahi die bere bazkideei eta Arrasateko herritarrei. Ondoren azalduko diren arrazoiak direla eta, gure udalerrian urtero egin ohi dituen arkeologia-jarduera gehiago ez egitea deliberatu du.

Udaleko Hirigintza Saileko arduradunek Arrasateko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra hitzez hitz aplikatzea da arrazoia. Jarduera horiek egiteko udal-lizentzia bat lortzea eskatzen zaigu, edozein eraikuntza-obrari dagozkion eskakizunekin eta horrek dakartzan tasak eta kostuak ordainduta.

Udal arduradunentzat, parekoak dira zundaketa arkeologiko bat eta lur-erauzketa lanak, ingeniaritza-obrak edo etxebizitzen eraikuntza, makineria astuna darabiltenak. Aldiz, AZEk egiten dituen zundaketa arkeologiko baterako, nahikoak dira soka bat eta iltzeak, aztertu beharreko lekua mugatzeko; pikoa eta pala, eremua garbitzeko; arraspak, eskuilak, pintzelak; eta libreta eta boligrafo bat, oharrak hartzeko. Ezer gutxi gehiago, aurreikusitako jardueretarako.

Publikoki adierazi nahi dugu ez gaudela ados eskakizun horrekin eta, horrez gain, azaldu nahi dugu sentitzen dugula udal erakundeak ez duela balioesten edo estimatzen azken urteotan irabazi-asmorik gabeko elkarte batek, AZEk (Arrasate Zientzia Elkarteak) hain zuzen, egin duen etengabeko lan altruista, debaldekoa. Elkarte horrek bazkideen kuotei eta urteroko udal diru laguntzari esker egiten du aurrera, Arrasateko herriaren aldeko jarduerak garatzen eta, askotan, udal-erakundearen berezkoak liratekeenak burutzen.

Arrasateko Udaleko aipatutako Hirigintza Sailak eskakizun horri eusten dion bitartean, AZEk erabaki du bertan behera uztea aurten Anporreta–Loon eta desagertutako Garagartzako San Lorentzo baselizan egitekoak ziren jarduerak. Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiarengandik xede horretarako lortutako 7.200 euroei uko egingo die, eta Udalarekin 2022rako hitzarmena sinatzea ere atzeratu egingo du.

Sentitzen dugu puntu honetara iritsi izana, eta gure jarrera ulertzea nahi genuke. ARRASATE ZIENTZIA ELKARTEAK ez du merezi aipatutako Sailetik jasotako tratua, hainbeste urtetan egindako ekarpenak ez baititu aintzat hartzen. Hala eta guztiz ere, aurrerantzean ere Arrasateko historia eta ondarea hobeto ezagutzeko lanean jarraituko dugu.

Iruzkin 1

  1. Argi geratu zan udal gobernu honi zenbat inporta zaion, herriko ondarea zaintzea. Azken adibidea Uribeko zubiaren kasua.
    Eta orain zuek erakusten duzuen kasua.
    Ladrilluai ta zementuai bakarrik daz.

    Eskerrik asko eitxen dozuen lanarengatik.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen