AUZOKO egitasmoa, euskal hiztunak eta euskarara gerturatu nahi dutenak elkartzen dituen programa, martxan da

0
136

Testua: Arrasateko Udala.

Auzoko programaren edizio berria martxan da. Arrasateko Udalak etengabe dihardu lanean herrian euskararen presentzia indartzeko, eta bide horretan laguntzen du Topagunearen Auzoko programa. Helburua da, euskarara lehen pausuak eman nahi dituzten herritarrak (auzokideak) eta euskal hiztunak (auzotarrak) elkartzea.

Hizkuntza aniztasun zabala duen herria da Arrasate, eta euskara, guztien arteko zubi izatea nahi du Udalak: «Euskal Herria herri anitza da. Kultura, jatorri eta hizkuntza ezberdinetako herritarrak biltzen dituen gizartea da gurea. Hizkuntza aniztasun hau aitortu, herritarron arteko harremanak sustatu eta kohesiorako eta komunikaziorako hizkuntza gisa euskara erdigunean jartzen du Auzokok».

Auzoko programari esker, euskarara hurbildu nahi dutenek aukera dute euskarazko oinarrizko hitz eta esaldi motzak lantzeko, euskarazko harreman berriak egiteko, herriko kultura eta ohiturak ezagutzeko, eta beraien hizkuntza eta kultura eta ohiturak partekatzeko.

Euskal hiztunei, deia

Hori horrela, Arrasateko Udalak dei egin die euskal hiztunei: «euskaraz bizi bazara, euskarara hurbildu nahi dutenen bidelagun izan zaitezke, euskaraz aritzeko uneak eta euskarazko sare bat eskainiz. Gainera, herritarren beste hizkuntzak zuzenean ezagutzeko aukera ere izango duzu».

Astean behin, hitzordua

Auzoko programan parte hartzen duten auzokide eta auzotarrak astean behin elkartzen dira, eta euskaraz aritzeko dinamika ezberdinak jorratzen dituzte, bizipenak partekatuz eta bide batez, euskarara gerturatuz. Asteroko hitzorduez gain, bestelako ekintzak ere antolatzen dituzte: txangoak, bisita gidatuak, irteera gastronomikoak… eta Arrasaten izaten diren ekitaldietan ere hartzen dute parte.

Izen ematea, zabalik

Auzoko programan parte hartu nahi duten arrasatearrek, izan auzokide edo auzotar, zabalik dute izen ematea: «auzoko herritar guztioi zabalik dago, euskaratik urrun bizi direnei eta euskaratik gertu bizi direnei». Izena emateko, Ekin elkartearekin jarri behar dute harremanetan, aniztasuna@ekinemakumeak.eus helbidean edo 943 79 83 70 / 651 70 79 36ra deituta.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen