“Automozioan premiazkoa da apustu ausarta eta irmoa egitea”

0
1241

Urkullu lehendakaria Mondragon Korporazioan izan da, besteak beste, Mondragoni “ekonomia eta enplegua suspertzeko estrategiari begira, lankidetza” eskatzeko. Bilera Otaloran izan da.

Mondragon Korporazioko Industria Kontseiluak Urkullu lehendakaria gonbidatu du, gaur egindako saiora. Topaketa Aretxabaletako Otalora eraikinean izan da.

Eraikin horretan korporazioaren kooperatiba eta enpresa heziketarako zentroa dago. Bilkuran Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua ere izan da.

TUlankidek azpimarratu du “bilkura baliagarria izan dela erakunde biek ikuspegi industrialetik orain arte garatutako lan ildoen deskargua egiteko eta egoerari buruzko diagnostikoa partekatzeko, baita etorkizunerako funtsezko jarduera ildoak identifikatzeko ere”.

Era berean, Euskal Herriaren “industria eta ekoizpen bokazioari balioa eman dio topaketa honek”. Lehendakariak nabarmendu duenez, “Jaurlaritzak eta erakundeek industria politikak lehenesten jarraituko dute, defendatzen dugun eredu produktibo eta ekonomikoarekin bat etorriz”.

Automozioan zentratuz, ondorengoa adierazi du: “Premiazkoa da apustu ausarta eta irmoa egitea; sektore horretan gure aktiboei eusteko estatu eta Europa osorako estrategia”.

Covid-19 krisialdian kooperatibek hainbat arlotan egindako lana eskertzeaz gain, “ekonomia eta enplegua suspertzeko estrategiari begira, lankidetza” eskatu dio lehendakariak Korporazioari.

Izan ere, “gertu-gertutik ezagutzen dituzue merkatuaren errealitatea, nazioarteko lehiakortasunaren gakoak eta etorkizuneko sektoreak; etorkizunerako gakoa den lankidetzaren adibide zarete”.

Bestalde, Iñigo Ucinek, Mondragoneko lehendakariak, erakunde publikoen eta pribatuen arteko lankidetza aipatu du eta “Euskadiren, Espainiaren eta Europaren artean modu sinkronizatuan eta azkar jarduteko beharra”.

Alde horretatik, Mondragon prest agertu da erakundeekin elkarlanean aritzeko krisi honi aurre egite aldera. Ucinek gaineratu duenez, “erronka garrantzitsua da, exijentzia handikoa, eta parte-hartze zabala eskatzen du, bai enpresen baitan, bai enpresen artean, baita enpresen eta erakundeen artean ere”.

TUlankidek azaldu du Mondragonen Industria Kontseiluak “taldeko industria dibisioen arduradunak hilero biltzen dituela. Korporazioko organoa da eta industria negozioen bilakaera izaten du aztergai, baita taldearen jardueretarako estrategikoak diren gaiak ere”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen