Espektro autistaren nahasmendua duten seme-alabak dituzten guraso talde batek antolatuta, Kulturaten ‘Autismoaz hitzegin dezagun’ hitzaldia izan da. Autismoaz, horrek dakartzan erronkez eta, batez ere, gurasoen eta autismoa duten pertsonen esperientziak zuzenean ezagutzeko aukera eman die bertaratutakoei. Hitzaldian hainbat adituk ere parte hartu dute, hala nola, Gautena elkarteko psikologo batek (Gipuzkoako Autismo Elkartea), Egan elkarteko logopeda batek, Arizmendi Ikastolako psikopedagogoak eta Kulunka terapeuta batek eta Zaldubi Ikastolako sozializazio-teknikari batek.
Hitzaldiaren hasieratik azaldu dutenez, “gero eta pertsona gehiago diagnostikatzen dituzte TEArekin, baina gizarteak oraindik ez daki zertan datzan, gaiaren inguruan ezjakintasun handia dago. Autismoa bizitza osoan zehar jaio eta bizitzeko baldintza da. Ez da gaixotasun bat, mundua ulertzeko modu alternatibo bat baizik, eta baita bitan banatzeko modu bat ere, neurotipikoen eta neurodibergenteen artean.”

Era berean, argi utzi nahi izan dute ezaugarri komunak dauden arren, “autista bakoitza desberdina dela; ezaugarri batzuk partekatzen dira, baina beste asko ez. Partekatzen dituztenen artean, hizkuntza hitzez hitz ulertzen dute. Ez dituzte txisteak ulertzen, ez zentzu bikoitzak, ez metaforak, ez sarkasmoa edo ironia, ezta begirada konplizeak ere; autismoa duten pertsonak hipersentiberatasun sentsorialak dira, hainbeste zentzumen-estimulu jasotzen dituzte kanpotik, non ez baitira dena digeritzeko gai eta blokeatu egiten baitira; eta begirada desbideratzea, beste pertsona batzuei zuzenean ez begiratzea, haien sentimen-hipersentikortasunak eragindakoa, gauzak ulertzeko eta asimilatzeko mekanismo bat da.”
Mintzaldiaren helburua autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonen errealitatea ezagutaraztea izan da, “uste baidugu gizarteak gai horiek guztiak ezagutuko balitu oso erraza izango litzatekeela autistei integratuago senti daitezen laguntzea: parkean txikiak direnean, eskolan prestakuntza akademikoa hasten dutenean, aisialdian lagunekin, unibertsitatean hormonak hankaz gora dituztenean, bikote-bizitzan, lan-munduan enplegua bilatzeko orduan, osasun fisiko eta mentalaren esparruan,…”
