Ausortu Topaketa irekia izango da; lehen saioa Gaztetxean egingo du

0
678

Beheko testua, argazkia eta kartela: Arrasate Euskaldun Dezagun eta Txatxilipurdi.

Ausortu sormen laborategiak duela hiru urte jarri genituen martxan AED eta Txatxilipurdi elkarteok elkarlanean, herriko gazteei barruan daramaten sortzeko grina lantzeko eta plazaratzeko aukerak eman asmoz. Osasun-larrialdiak larrialdi, egitasmoak bide polita egin du urteotan, gazte mordoxka bat igaro baita laborategi ezberdinetatik artista erreferenteekin sorkuntza prozesuaz hausnartu, partekatu, ikasiz eta praktikan jarriz. Joana Manzisidor, Helena Azkarraga Urizar, Izaro, Olatz Salvador eta Eñaut Elorrieta izan ditugu horretarako bidelagun.

Urte hauetan, baina, sortzaile harrobi polita hazi da herrian eta, horrenbestez, Ausortuk norabide berri bat hartuko du. Laborategi izatetik Topaketa izatera pasako da, azaroaren 20an egingo duelarik lehenengo geldialdia, goizeko 11etatik 13etara, Arrasateko Gaztetxean.

Beraz, gaztea bazara, sortzeko grina baduzu, egitasmoren bat buruan… eta hori guztia herriko beste gazte batzuekin partekatu gura baduzu, Ausortu Topaketaren ateak zabalik dituzu. Eman izena azaroaren 15a baino lehen eta gonbidatu inguruko gazte arrasatear sortzaileak ere zurekin batera etortzera.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen