“Aurreskua sokan dantzatzekoa da, eta emakumeek mendeetan dantzatu dute”

0
740

Oier Araolaza dantzaria da eta ‘Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan’ liburuaren egilea. “XVI. mendean jada emakumeek aurreskua dantzatzen zutela” dokumentatu du. XX. mendeko “binarismoak, ordea, emakumeak alboratu zituen”. Egun egoera iraultzen hasi da.

Argazkiak: Gloria Agirreurreta eta Alea.

Ekitaldi hau herriko kultur taldeen, Santamas Komisiñuaren, Ibai-Arteren eta Udalaren egitaruaren baitakoa da.

Oier Araolaza Arrieta eibartarra dantzaria, kazetaria eta antropologoa da, besteak beste. Gainera, ‘Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan’ liburuaren egilea da.

Lan horretan oinarriturik, atzo arratsaldean ‘Emakumeak euskal dantzetan: gezur baten historia’ hitzaldia eman zuen Kulturateko areto nagusian.

Hitzaldiaren hastapenean Gloria Agirreurreta dantzari arrasatearraren argazki bat erakutsi zuen, 1950ean Arrasaten egina: Irudian Gloriarekin batera bere aita eta osaba agertzen dira, besteak beste:

Argazkiak erakusten du aurreskua “sokan dantzatzen zela, eta Arrasaten hala egiten zuten batez ere bertako baserritarrek, kaletarrek baino gehiago”.

Izan ere, “urtero, San Joan egunez, elkarri eskua ematen zioten, eta sokan aurrezkua dantzatu ohi zuten, bai Arrasaten eta baita beste hainbat lekutan ere”.

Euskaldunek, baina, oro har “ez dakigu gure zeinuak irakurtzen. Nik eskerrak ematen dizkiet Marian Arregi eta Juan Antonio Urbeltzi aurreskua eta beste dantza batzuk irakurtzen irakatsi zidatelako”.

Oier Araolazak azaldu zuen “soka-dantza, esku-dantza, zortzikoa, dantza luzea, karrika dantza,… funtsean aurreskua direla, eta hauxe da euskaldunok gehien dantzatu dugunetako bat, azken 500 urteetan bederen”.

“Aurreskua sokan dantzatzen da, eta ‘aurresku’ hitza oso lotua dago dantzari taldeari, dantzariek elkarri aurreko eskua eta atzekoa ematen dizkiete-eta”.

Beraz, azken urteetan nagusitu den jokaera, aurreskua bakarka dantzatzea “hori ez da aurreskua. Aurreskua da herritar ezberdinak plazan elkarrekin dantzatzea, komunitatea osatzen dugula ospatzeko”.

Agintariek ere hala parte hartzen zuten han eta hemen “euren boterea jendaurrean goraipatzeko, elkarri eskua emanda, euren nagusitasun politiko, ekonomiko eta maskulinoa nabarmentzeko. Herri guztietan halaxe izaten zen”.

Arrasateko Santamasetan ere “dantzariak bata bestearen atzean jartzen ziren, eta lehenak ziurrenik boteredunak izango ziren, ondoren koadrilak eta taldeak, bakoitzak berea”.

Beraz, politikariak urtean zehar elkarri mokoka aritu ostean “aurreskuan batu egiten ziren, mezu indartsua jendarteratuz: hemen herri bat dago, eta herri berekoak gara. ‘Soka berekoak izatea’ esaldiak bertan du jatorria. Goierrin udal ezberdinen arteko harremanak aurreskuarekin artikulatzen ziren”.

Orduko Eusko Jaurlaritzako agintariek ere “aurreskua dantzatzen zuten, orain ez bezala, baita EAJren lehen ekitaldietan ere. Egungo agintariek gauza bera egin behar lukete”.

Atzoko hitzaldiaren izenburuari dagokionez, Oier Araolazak salatu zuen Wikipediak zera dio: “Aurreskuko dantzaria gizonezkoa izaten zela. Hori gezurra da, orain 100 urte inguru eraikitzen hasi zutena”.

Garai hartan emakumeei “paper pasiboa ezartzen hasi zitzaien, dantzaria gizonezkoa izanda, eta urteetan zehar mantra hori errepikatzen joan dira. Bada garaia hori behingoz gezurtzeko”.

Hartara, Oier Araolazak bilketa lana egin du, eta ondorioztatu du “emakumeek alor guztietako dantzetan parte hartzen izan zutela mendeetan zehar, bai ekitaldi sozialetan baita liturgia kristauetan ere”.

Esaterako, ilustratzaile alemaniar batek 1529an egindako irudi batek emakume euskaldun bat dantzatzen erakusten du. Testuak halaxe dio: “Horrela dantzatzen dira bizkaitar emakumeak (garai hartan bizkaitar deitzen zitzaien euskaldunei oro har)”.

Agiri historiko gehiagok azaltzen dute emakumeak dantzatzen zirela, adibidez Donibane Lohitzunen neskatilak euskal eran, ijituen dantza Lizarran, emakume eta gizonak Fiteron, emakume ijitoak San Trokaz egunean Abadiñon,… Halako mordoxka bat izan zen XVI eta XVII. mendeetan”.

Hala ere, “horiek galarazten behin eta berriz saiatu zen Eliza, Durangon, Otsagin,… XVII eta XVIII. mendeetako sermoiekin, debekuekin,…”.

Alabaina, “polita da ikustea, debekuak bi mendeetan zehar egin zirenez, debekuek ezin izan zutela galarazi emakumeek dantzatzen jarraitzea”.

Dena den, dantzetan “distantziak mantentzen, zapiak erabiltzen,… hasi ziren, Covid-aren aurka ezin hobeto” adierazi du brometan Oierrek.

Elizarentzat beste buru-hauste bat izan zen “neskak soka eramaten hastea, izan ere, horrela neskek gustuko zituzten mutilak aukeratzen zituzten, testuinguru oso erasokor batean izan arren”.

Aurresku txapelketak XIX. mendearen amaieran ospatzen hasi ziren, Ipar Euskal Herrian hain zuzen. Garai hartan “ez zeuden gizonezko eta emakumezko kategoriak, guztiak kategoria berean lehiatzen baitziren, eta emakumeak hainbatetan nagusitu ziren”.

Alabaina, XX. mende hasieran “binarismoa ikaragarri indartu zen, eta emakumeei parte hartzea ukatuko diete”. Debekuek mendeetan zehar ez zuten lortu oro har emakumeek dantzan geldiaraztea.

“Ordea, XX. mendearen hasieran, estrategia aldatuta, lortu zuten emakumeek eurek dantzara ez irtetea, ‘dantzatzea lizuna’ zela esaten zietelako, eta ‘euskal emakumeak jaiotzez erabat garbiak’ baitziren. Zentsurarik onena autozentsura izan zen”.

Abertzaletasunaren pizkundeak “euskal dantza tradizionalen gaineko eraikuntza bat eragin zuen, orduko genero ikuspegiak eraginda, bitasunak eraginda”. Kontuan hartzekoa da “plazan dantzek jendeari erakusten zietela gizon eta emakumeak bereiztu behar zirela, gorputz mugimenduarekin, espazioaren erabilerarekin,…”.

Horren guztiorren ondorioz “aurreskua gizonezkoen dantza bihurtu zuten. Gezur horrek egun arte irauten du”.

Hala ere, salbuespenak izan ziren, eta adibidez Arrasaten 1931ko uztailaren 31n, San Inazio egunean, bertako EAJko Emakumeen Batzako partaideek aurreskua dantzatu zuten.

Dena den, “emakumeek ezpata dantza ez zuten dantzatzen, oso maskulinoa, espresio txikikoa,… baitzen. Ordea, emakumeei poxpolinen figura ezarri zieten”. Horrela, 1933an Arrasateko Batzokiko ezpata-dantzari eta poxpolin taldearen estreinaldia egin zuten.

Horren aurrean, “frakak bihurtu ziren emakumeen askatasunaren ikur, eta adibidez Margarita Oterminek, Maddalen Iriarteren amonak, frakak janzten zituen jaietara joatean”.

Testuingu horretan, 1931n zortzi emakumek Bilbon erabaki zuten ezpata-dantza egitea: “Ikasi egin zuten, eta hala egin zuten urte hartako abenduaren 14an. Lehen eta azken aldiz”.

85 urte igaro behar izan dira Euskal Herrian emakumeek berriro ezpata-dantzan jendaurrean jarduteko. Durangoko Kriskitin taldeko emakumeek hala egin zuten, duela 4 urte. “Beraz, imajinatu 1931ko zortzi emakume haiek lortu zutena”.

Informazio zabalagoa: dantzan.eus

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen