Aurrera Bolie Eguna irailaren 17an ospatuko dute “aldarrikatzeko eta gozatzeko” asmoarekin

    1
    651

    Testua: Aurrera Bolie ekimena.

    Hemen elkartu gara, datorren irailaren 17an ospatuko dugun Aurrera Bolie eguna aurkezteko. Apirilean Aurrera Bolie Herri Ekimena aurkeztu genuen, duela 60 urte belaunaldi oso batek Euskal Herrian bultzatu zuen pizkundearen oinarriak jaso, gaurkotu eta egungo erronkei helduta, herri honen askatasunaren alde lanean jarraitzeko gogoa eta konpromisoa indartzeko helburuarekin.

    Egin ditugun ekimenetan urrunetik gatozela jabetu eta bultzada berritu bat eman nahi izan diegu orduko balioei. Begi bistan gelditu da konpromisoa, elkartasuna, abertzaletasuna eta balio ezkertiarrak oinarri hartuta esparru desberdinetatik eragiten jarraitzea dagokigula. Izan hizkuntzaren borrokatik, feminismotik, ekologismotik, komunitategintzatik, preso eta iheslarien aldeko lanetik, bizi eta lan baldintzen esparrutik, herri honen memoria idatzi eta transmititzetik, herrigintzatik… Herria egunero eraikitzen dugu.

    Orain arte ere aritu gara eta aurrerantzean ere jarraituko dugu bolie indar berriz mugitzen. Irailaren 17an baina, geldialdi bat egingo dugu bidean. Eskaintza politikoa eta soziala uztartuta, hausnartzeko, aldarrikatzeko, elkartzeko eta gozatzeko eguna ospatuko dugu. Horretarako, egun osoko egitarau ahalik eta anitzena eta parte hartzaileena antolatzen saiatu gara.

    EGITARAUA:

    11:30ean Bermut politikoa Irati Topalekuan. Ernaiko Amaiur Egurrolak, LABeko Endika Perezek eta Sortuko Lur Albizuk “Independentzia ipar, aurrera bolie” titulupean areto, hitzartze eta eztabaida neurtuetatik kanpo burutuko den hausnarketa parte-hartzailea eskainiko digute Jokin Zubiria Lagunillaren dinamizazioarekin.

    11:30ean Haurrentzako tailerrak, jolasak, pintxoak… Biteri Plazan.

    14:30ean Guk prestatutako Bazkari herrikoi goxoa Biteri plazan. Menua: paella eta saiheskia txingarretan. Aukera begetarianoa eta beganoa ere egongo dira, tiketa erosteko momentuan aipatu behar da. Tiketak jada salgai daude Irati, Monte eta Taupa tabernetan, enplegudunek 15€ eta ikasle eta enplegu gabeek 10€. Tiketak erosteko azken eguna: irailak 12.

    Bazkari ederra goxatzeko, ostean 16:30ean Bazkaloste akustikoa izango dugu Biteri Plazan bertan herriko hainbat musikariren parte hartzearekin: Iraitz Agirre eta Garazi Barrena, DesKontrol, Perlata, Izadi eta Kontralde.

    18:30ean Katuen kontuak Irati Topalekuan. Joseba Sarrionaindia eta Ines Osinagarekin berbak eta kantuak.

    Eta eguna amaitzeko 22:30ean Kontzertuak Gaztetxean. Deliriun Tremens, Etxepe eta Gora Etorri taldeekin. Sarrera 5€. Gaztetxeko ateak 22:00etan zabalduko dira eta sarreren salmenta momentuan egingo da.

    Egun osoko egitarau aberatsa antolatu dugu, Aurrera Bolie eguna guztiok gozatzeko moduko eguna izateko lanean arituko gara, eta ez dugu inolako eraso sexista, homofobo, transfobo edota arrazistarik onartuko. Dagokionari ardura hartzeko eskatzen diogu.

    Amaitzeko, momentu hau aprobetxatuko dugu egitarau hau prestatzen lagundu duzuen kulturgile, sukaldari, hezitzaile, militante eta kide guztiei eskerrak emateko. Zuen ekarpenari esker ospatuko dugu datorren larunbatean Aurrera Bolie eguna. Eta gainerako herrikide guztiei egunean zehar egongo diren ekitaldi desberdinetan parte hartzeko gonbidapena zabaltzen dizuegu.

    Gu gara gaurko bolie!
    Bultzatu bolie, aurrera bolie !

    Iruzkin 1

    1. Autokarabana eta superfurgonetekin astebururo balio ezkertiarrak oinarri hartuta esparru desberdinetatik eragiten jarraitzea dagokigu. Bai noski!

    ERANTZUN BAT UTZI

    Zure iruzkina utzi, mesedez!
    Sartu zure izena hemen