Irailaren 19an ospatuko den Aurrera Bolie Eguna aurkezteko agerraldia egin zuten atzo ekitaldi honen antonlatzaileek Arrasateko Monterron parkea. Jarraian, eledunek irakurri zuten testua irakurgai duzue.
Arrasateko Monterron parkean elkartu gara gaur irailaren 19ko Aurrera Bolie eguna iragartzeko. Bosgarren urtea izango da aurten, eta dagoeneko gure agendetan finkatu dugun eta komunitatean errotu dugun eguna dela esan dezakegu.
Testuinguru berezian dator: nazioartean ezegonkortasuna da nagusi eta honek hauspotua pultsio erreakzionario eta autoritario bat ere ematen ari da. Arriskuak egon badauden arren, aukerak ere badaudela uste dugu. Gure ustetan bada Euskal Herrian nahiko baldintza eta nahiko indar, munduan ematen ari den bilakaeraren kontrara, eraldaketa politiko eta sozialean sakontzeko. Hori bai, horrek bulkada nazional bat martxan jartzea eskatzen digu.

Testuinguru horretan, Ernaik irailaren 13rako, igande honetarako, Donostiako kaleak betetzeko egindako deialdi nazionala zabaltzeko aprobetxatu nahi dugu gaurko agerraldi hau ere: faxismoaren aurka eta Euskal Herriaren alde, Euskal Herria irabaztera!
Donostiako zitatik aste betera, irailaren 19an, Aurrera Bolie egunean elkartuko gara Arrasaten. Testuinguru politiko eta sozialaren inguruan arituko gara goizean, eta aldarrikatzeko zein gozatzeko momentuak izango ditugu egun osorako prestatu dugun egitarauan.

EGITARAUA:
12:30ean “Oldarraldien aurrean, Euskal Herrian badugu alternatiba” Bermut politikoa Irati Topalekuan. Hasieran aipatu dugun testuinguru hori abiapuntu hartuta, Sortuko Idoia Zengotitabengoa Laka eta Ernai gazte antolakundeko Maddi Urruzuno Gartzia elkarrizketatuko ditugu. Testuinguru historiakoak dakartzan erronken eta horien aurrean Euskal Herrian ditugun aukeren inguruan ardaztuko da elkarrizketa. Oldarraldiez beste hitz egingo dugu subiranotasunaz, nazio auziaz eta Euskal Herrian askatasunerako proiektu eraldatzaileaz.
12:30ean Jolasgunea Biteri Plazan.
14:15ean Askatasunaren aldeko topa Biteri plazan.
14:30ean Auzolanean prestatutako bazkari herrikoia Biteri Plazan. Menua: paella eta saiheskia txingarretan. Aukera begetarianoa eta beganoa ere egongo dira, elikadura oharrak tiketa erosteko momentuan aipatu behar dira. Tiketak jada salgai daude Irati tabernan, enplegudunek 17€ eta enplegu gabeek 12€. Tiketak erosteko azken eguna: irailak 15, asteartea.
Bazkalondoa alai girotzeko, 16:30ean bazkaloste musikatua izango dugu Biteri Plazan. Arrasateko hainbat musikarik osatutako OREIXE taldeak kontzertua eskainiko du. Aurrera Bolie egunerako elkartu dira Izadi, Peru, eta Sex Pistols eta Trabuko taldeko Kepa, Poto eta Aitor. Bazkalostean elkarrekin kantatzeko aukera ederra izango da.
19:00etan Poesia emanaldi elektronikoa Irati Topalekuan. Leire Vargas poetak eta Jaime Nieto musikariak ‘Bizi Sintetikoak’ izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute. Gizarteko gatazkez eta hierarkiez arituko dira, musikaren eta poesiaren bidez.

Eta eguna amaitzeko 22:30ean kontzertuak Gaztetxean. Pop-rock musika egiten duen Iruñerriako Burutik taldea eta Bizkaitik punk freskoa egiten duten UDA taldeak izango ditugu oholtza gainean. Ondoren gaualdia dantzan amaitzeko DJ PUTZU izango dugu. Sarrera 5€. Gaztetxeko ateak 22:00etan zabalduko dira eta sarreren salmenta momentuan egingo da.
Aurtengoan ere egitarau aberatsa antolatu dugu, Aurrera Bolie eguna denok gozatzeko moduko eguna izateko lanean arituko gara, eta ez dugu inolako eraso sexista, homofobo, transfobo edota arrazistarik onartuko. Dagokionari ardura hartzeko eskatzen diogu.

Eta nola ez, eguna arrakastaz garatu eta eskaintza kultural, sozial zein politikoa aurrera ateratzeko zuen ekarpena egingo duzuen militante, kulturgile, sukaldari zein hezitzaile guztiei, mila esker! Auzolanaren eta konpromisoaren eguna ere bada Aurrera Bolie eguna, bejon daizuela.
Amaitzeko, herrikide guztiei egitarauko ekitaldietan parte hartzeko gonbidapena zabaltzen dizuegu, zatozte gustuko duzuen eskaintzara.
Aurrera bolie!







