Garagartzako planta azken urteetan ia geldi egon ostean, jarduera berreskuratzen hasi da.
Izan ere, obretako kamioi eta zenbait langile bertan dabiltza, plantak etorkizunean Dikarren jarduera hartu ahal dezan.
Lan horiek plantaren azken urteetako arduradunek abiatu dituzte, eta “aurrelanak direla” baieztatu digute Bergarako kooperatibatik.
Hortaz gain, “arkitektoak ere ibili dabiltza plantako planoak aztertzen, egungo zein baliabide erabili ahalko diren zehazten eta bestelako lan batzuk egiten”.
Era berean, baieztatu dute jarduera ez dela berehala abiatuko. Izan ere, Dikarrek Garagartzan makina berririk izanez gero, kontuan hartzekoa da “makina bat enkargatzen denetik bertan martxan jartzen den arte urtebete inguru igaro daitekeela”.
Aintzat izan behar da ere kooperatiba hau armagintzan diharduenez “baimen bereziak lortu behar direla”.
Hori guztia kontuan hartuta, “baliteke Dikarren jardueraren zati bat, bulegoak esaterako, 2023ko urtarrilean Garagartzan martxan jartzea”.
Enpleguari dagokionez, “badirudi egoerak hobera egingo duela, baina ezin da ezer ziurtatu, eta hori neurri handi batean salmenten araberakoa da”.
Kooperatibak baieztatu ditu Arrasaten jarduera abiatzeko egitasmoa irmoa dela eta aurrera jarraitzen duela.