Aurpegirako makillaje naturala egiteko tailerra otsailaren 17an

0
515

Testua eta kartela: Arrasateko Udala

Otsailaren 17an egingo da bertako produktuen azoka Seber Altube plazan 9:00etatik 14:00etara. Ohiko produktuez gain, aurpegirako makillaje naturala egiten ikasteko tailerra eskainiko du Ekoudalatxek.

Formazio honetan kosmetikoak egiten ikastea izango da helburua, osagai naturalak, sendabelarrak, landare aromatikoak eta olio esentzialak erabiliz. Tailerra 11:00etan Seber Altube plazan bertan izango da, eta bertan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Izen ematea zabalik dago udal webgunean https://izenemateak.arrasate.eus/eu/ helbidean. Plaza mugatuak dira, 12 pertsona gehienez ere.

Azokari dagokionez, sasoiko eta bertako produktuak izango dira, guztira 16 postu. Hilabete honetan ekoizle berri bat egongo da, Elgoibarko Lizagasar, sagar produktuak ekoizten dituena: sagardo ekologikoa, sagar zuku ekologikoa, sagar ozpin ekologikoa, sagar dultze ekologikoa, sagar marmelada ekologikoa, sagar purea eta sagardo pattarra, besteak beste.

Azokako bezeroen artean bertako produktuekin osotutako saski bat zozketatuko da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen