Udalak antolatuta, hainbat familiek ekitaldia jarraitu dute plazan, eta Goikobaluko txikiek abestu dute. Alabaina, gurpildun aulkietako hainbat pertsona ezin izan dira oholtzara igo.
Iaz, “pandemiaren ondorioz”, ez zen Gabonetako argitariaren piztueraren ekitaldia egin, baina aurten berreskuratu da:
Hainbat familiak, euripean izan den arren, Herriko plazara bertaratu dira, eta ekitaldia bertatik bertara jarraitu dute.
Goikobaluko txikiek eman diote hasiera ekitaldiari, sasoi honetan ohikoak diren kantekin, eta ondoren hitza hartu dute pizteko ohorea eta ardura izan duten elkarteetako ordezkariek.
Aipatu behar da, ezin direla oholtzara igo ahal izan bi elkarte hauetako zenbait lagunek, batez ere gurpidun aulkietako pertsonek, eszenatokiak ez baititu irisgarritasun baldintzak betetzen. Alkateak iragarri duenez, arazo hori konponduko dute.

Atzegi eta Aspaceren ordezkariek esker ona agertu diete urte hauetan guztietan lagundu dituztenei. Atzegik 60 urte bete zituen iaz eta Gipuzkoako Aspacek 50 urte aurten.
Hitzartzeen ostean, Herriko plazako argazkiak itzali dituzte, eta atzera kontaketaren ostean, enparantzako eta hainbat kaletako argiak piztu dituzte. Denera 90 apaingarri jarri dituzte.

