Atxilotutako gizonaren ustezko “iruzurraren beste biktima bat Mondra da”

0
1176

Udaltzaingoaren eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren ekimenaren ondorioz, espainiar Poliziak herenegun gizon bat atxilotu zuen Arrasaten, ustezko bi deliturengatik. EFE agentziak zabaldu duenez, polizia-iturriak aipatuz, ustezko iruzurgileak klub zuri-morea, Aretxabaletako UDA eta Lutxanako Sporting ere kaltetu izan ditu.

Goiko irudia: “La casa de los sueños”.

Herenegungo Arrasateko atxiloketaren inguruko datu gehiago eman dira jakitera gaurko egunean.

39 urteko gizonaz gain, “bikotekidea ere ikerketapean dago, honek ere Arrasaten bizileku duena”.

Iruzurraren atzean nazioarteko sare bat egongo litzateke, izan ere, atxilotutako gizonak “Kolonbiako entrenatzaile batekin elkarlanean ziharduelako”.

Atxilotuak egitasmoari “La casa de los sueños” deitu izan dio, eta tartean “Kolonbiatik eta Mexikotik etorritako gazteak zeuden”.

Auzipetutako gizonak bere burua “representate de talentos” bezala aurkeztu izan du, baita sare sozial ezagun batean ere.

Polizia-iturrien arabera, ustezko iruzurraren ondorioz, “25 kolonbiar gazte” Arrasaten edota inguruan bizirauten ari dira.

Gainera, Arrasateko Udaltzaingoa eta espainiar Poliziak antzeman dute Mondra, UDA eta Lutxanako Sporting “iruzurraren biktima ere izan direla”.

Ildo honetan, ustezko iruzurgileek kolonbiar gazteei “zenbait diru kopuru eskatzen zieten ordezkaritza-lanengatik, mantenuarengatik eta alojamenduarengatik, baita gonbidapen gutunak bidaltzeagatik ere”.

Zehazki, gutun hauetako bakoitzaren truke, ikertutako gizonak gazte bakoitzari “200 eta 300 € artean eskatzen zizkion, klub bakoitzak” (Mondra, UDA edo Lutxanako Sporting) antza “dokumentu bat bidal zezan, eta agiri horrek gazteak gonbidatzen zituen entrenatzera eta taldean hiru hilabetez jokatzera”.

Hiru hilabete dira, zehazki, espainiar estatuan “atzerritar bat bertan egon daitekeen gehienezko denbora-tartea, erresidentzia-baimena eduki barik”.

Dokumentu horiekin, gazteek “pentsa zezaketen euskal klub batek beraiekiko interesa zuela, eta gazteek erabakitzea” Euskal Herrira bizitzera etortzea.

Hona iritsi ondoren, biktima gazteei aholkatu izan diete bertan erroldatzea “legedia saihesteko”, eta gizonak zein bere bikoteak alokatutako etxebizitzetan biziraun dute.

Polizia-iturriek azaldu dutenez, atxilotutako gizonak “gutxienez lau alokatze-kontratu izan ditu etxebizitza ezberdinetan” Arrasaten.

Bikoteak etxebizitza bakoitzaren alokairuaren truke “750 eta 1.100 € artean ordaindu ditu, baina gero gazteetaz aprobetxatuta, logela bakoitza alokatu die”.

Horrela “etxebizitza bakoitzean 10 edo 12 gazte pilatu izan dituzte”. Kontuan hartu behar da gazte bakoitzak “hilabeteko 400 eta 500 € artean ordaindu behar izan dituela alojamendu eta mantenuaren truke”.

Polizia-iturriek jakinarazi dute “ikerketek zabalik jarraitzen dutela, eta ez dituzte baztertzen tramarekin zerikusia duten atxiloketa gehiago”.

Gipuzkoako Futbol Federazioko lehendakariak, Manu Diazek, bere “kezka” agertu du, eta “informazioa biltzen” hasi da kaltetuak izan diren Debagoieneko kluben artean.

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen