Atracciones Sanz: “Errentagarritasun falta dago, eta 5 urte daramatzagu Arrasateko Jaietara joan barik”

0
1717

Sanjoanei begira, Udalak gaur adierazi du enpresarik ez dela aurkeztu barrakak jartzeko. Atracciones Sanz-ekin izan gara eta azaldu digute “egoera urterik urte okertzen ari dela”. “Espero dugu Udalak egoera aztertzea eta jarriko dizkigun baldintzak aztertu beharko ditugu “.

Artxiboko argazkia: Atracciones Sanz.

Arrasateko Udalak gaur ohartarazi du aurtengo Sanjoanetan ez dela barrakarik izango, eta zenbait xehetasun eman ditu.

Albiste garrantzitsu horren harira, Atracciones Sanz enpresarekin harremanetan jarri gara.

Enpresa honek ere baieztatu du “Udalak guri ere adierazi digula Sanjoanetan ez dela barrakarik izango Arrasaten”.

Enpresa honek arrazoitu du “errentagarritasun ekonomiko falta dagoela, eta guk jada 5 urte daramatzagu jaietara joan barik”.

Izan ere, “ohartu ginen egoera geroz eta okerragoa zela, Udalak jartzen zituen baldintzak kontuan hartuta”.

“Duela 5 urte Udalekoekin hitz egitera joan ginen, eta erantzun ziguten interesik ez bagenuela jaietara ez joateko. Ondorioz ez joatea erabaki genuen”.

Atracciones Sanz ohartzen da barrakekin “herriari zerbitzu bat ematen diogula, baina ezin dugu dirua galtzeko joan”.

Aurten “Udaletik deitu digute jakiteko ea zergatik ez garen aurkeztu, eta duela bost urtetakoa azaldu diegu”.

Konponbide bat lortzea “zail ikusten dugu urtetik urtera egoerak okerrera egin duelako, eta egoera iraultzea ez da batere erreza”.

“Espero dugu Udalak egoera aztertzea eta jarriko dizkigun baldintzak aztertu beharko ditugu “.

Errentagarritasun faltaren arrazoietako bat gero eta haur gutxiago daudela izan daiteke?

“Beno, beherakada demografiko hori herri guztietan gertatzen ari da, baina beste herrietan ez dugu Arrasateko arazoa”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen