Ate Irekiak izango ditu igandean Gurutze Gorriak Elorregin

0
1754

Argazkiak, kartela eta beheko testua: Debagoieneko Gurutze Gorria.

Datorren igandean, ekainak 1, Gurutze Gorriak Debagoieneko herritar guztiak gonbidatuko ditu bertako instalazioak eta Elorregi auzoko egoitzan egiten diren jarduerak ezagutzera.

Jardunaldian zehar, bertaratutakoek Gurutze Gorriko anbulantziak eta erreskateko materiala gertutik ezagutzeko aukera izango dute, baita Sorospen- eta Salbamendu-taldeetako boluntarioak zein Esku-hartze Sozialekoak ere.

Hainbat tailer emango dira: lehen sorospenak, desfribiladoreen erabilera, bihotz-biriketako bizkortzea, etab. Bitartean, bisitari gazteenek Gurutze Gorriko boluntarioek antolatutako ekintzetan parte hartu ahal izango dute.

Debagoieneko Gurutze Gorriak Ate Irekien Jardunaldia ospatuko du datorren igandean, ekainak 1, San Prudentzion dagoen Elorregiko egoitzan, eta Debagoieneko herritar guztiak gonbidatzen ditu bertara. Jardunaldia goizeko hamarretatik eguerdiko ordubiak arte egingo da; instalazioak, eskura dauden ibilgailuak eta anbulantziak erakusteaz gain, Gurutze Gorriak Debagoienean sorospen eta larrialdietan, zerbitzu soziosanitarioetan eta esku-hartze sozialean garatzen dituen jarduerak azalduko dira.

“Gurutze Gorriko ateak urte osoan daude zabalik, baina familia giroko jardunaldi bat prestatu dugu, bai gure proiektuak ezagutu nahi dituzten helduentzat, bai anbulantzia bat edo erreskaterako ibilgailuak ikusi nahi dituzten gazteentzat”, azaldu du Javier Igartua Debagoieneko Gurutze Gorriko presidenteak. Gainera, gaineratu duenez, “boluntariotza-taldeek arreta handiz prestatu dute jardunaldia, eta Gurutze Gorria barrutik ezagutzeko interesa duten guztiak hartuko dira kontuan”.

Bertan, Lehorreko Bilaketa eta Salbamenduko Larrialdiei Berehala Erantzuteko Taldeetako (ERIE) kide batzuk egongo dira, eta bertaratutako pertsonei azalduko diete nola antolatu, entrenatu eta prestatu duten taldea Debagoienean edo inguruetan Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Babes Zibileko Zuzendaritzak edo Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak larrialdi-abisu bat ematen dutenean erantzuteko.

Bestalde, Debagoieneko Gurutze Gorriko zerbitzu soziosanitarioetako boluntarioek martxan dauden proiektuak erakutsiko dituzte, hala nola, “Adineko Pertsonei Laguntzea” programa, urte honetan beste bultzada bat eman baitzaio. Dena prest dago eguna jai giroan egiteko eta antolaketan “Sanprubusa” taberna famatuak ere parte hartu du.

Gaur egun, Debagoieneko Gurutze Gorriko boluntarioak gutxi gorabehera 90 laguneko talde parekide batek osatzen ditu, 20 eta 70 urte bitartekoak. “Boluntariotza-lan bati ekitea planteatzen ari diren pertsona guztiek gertutik ezagutu ahal izango dituzte Gurutze Gorrian aurki ditzaketen lankidetza-aukerak” esan digu Igartuak, eta argitu du “ez da beharrezkoa prestakuntza berezirik izatea Gurutze Gorriko boluntario izateko, hemen pertsona bakoitzak ahal duen ekarpena egiten baitio gure misio humanitarioari”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen