Testua: Astore.
Astore, marka handien aurrean alternatiba benetako eta berezia bilatzen duten gutxiengoentzat diseinatzen duen kirol-
modako marka, eszenatokietan egongo da uda honetan, Chill Mafiarekin egin duen lankidetza-akordioa dela medio. Musika
urbanoko nafar taldeak oso harreman estua du Astorerekin, eta hasieratik adierazi du euskal marka horren estiloa eta balioak
miresten dituela. Izan ere, haren arropak jantzi dituzte emanaldi eta bideoklipetan. Orain, beste urrats bat egin dute, eta
zenbait jantziren diseinua pertsonalizatu dute, udako biran erabiltzeko.
Primavera Sound jaialdian jardun zuten lehen aldiz jende aurrean beraiek egokitutako Astoreren jantziekin; hain zuzen ere,
zenbait grafiko urbano koloretsu inprimatu zituzten haien gainean. Chill Mafiaren grafikoen xedea beren ustez Astoreren
ezaugarria den denboraz kanpoko ildo estetikoa haustea zen. Diseinu konbentzionalak albo batera utzi eta arriskatu egin nahi
zuten, diseinu oldarkorragoen bidez. Hausten saiatu eta markaren betiko jantzien arteko talka eragin, alegia. Helburua, zerbait
gogor baina aldi berean leuna. Horregatik nahasten dituzte eztenak eta tribalak, oldarkortasun hori lortzeko. Eta, aldi berean,
gerlari txiki batzuk, beren nortasun maitagarriarekin. Kolore biziekin, eszenatokian ikusi orduko aurpegi aurrean garrasi egin
diezazun, eta denon barnean dugun oihu nabarmen hori eginaraz diezazun. Chill Mafia BBK Liven eta Rototomen arituko da,
besteak beste; hau da, musika nazionalaren barruko udako hitzordu garrantzitsuenetako bitan.
Astorek, berriz, honako hau adierazi du: “Oso pozik gaude lankidetza hau dela eta. Chill Mafia haize freskoa dela uste dugu.
Gaur egungo musika urbanoarekin eta gazteen kultur mugimenduarekin lotzen gaituzte, eta, gainera, tradizioaren eta euskal
nortasunaren balioak sustatzen dituzte. Alegia, gure DNAn ere badauden ezaugarriak. Haiekin dugun harremanak aurrera
egingo duela espero dugu. Are gehiago, ea etorkizunean edizio mugatuko jantziren bat diseina dezakegun elkarrekin.”
Chill Mafia, rural-traparen omenezko oda bat
Iruñeko taldea musika-banda baino askoz gehiago da: euskal giroa hankaz gora jarri duen diziplina anitzeko kolektibo handia
da, ekoizleak, kantariak, DJak, MCak, diseinatzaileak eta graffitigileak biltzen dituena. Zazpi izen ditugu taldean. Ahotsak Beñat
Rodrigo «Kiliki»; Beñat Abarzuza, «Ben Yart» goitizenez ezaguna; Irene Cervantes; eta Julen Goldazarena «El flaco» dira.
Teknikari lanetan, soinua eta beat-ak kontrolatzen, Martin Cervantes eta Alessandro Martins «Suneo» aritzen dira, eta Sara
Losua DJak dena biribiltzen du, agertokitik. Taldeak eragin ugari izan ditu: 80ko hamarkadako punka, reggaea, duba,
reggaetoia, hip hopa, eta, noski, euskal musika tradizionala. Chill Mafian denak balio du: musika beltza eta latinoa, doinu
klasikoen berrinterpretazioa… Hiria eta landa-giroa elkartzen dituen kolektibo auzotarra. Horregatik, haien bideoklipetan
(dagoeneko 600.000 ikustaldi baino gehiago izan dituzte) primeran konbinatzen dira txandala eta txapela, eta marmitakoa
latako garagardoarekin uztartzen da.
Astoreri buruz
Orain 30 urte baino gehiagotik, Astore da kirol-jantzien marka egokia, marka handien aurrean alternatiba jator eta berezia
nahi dutenentzat. Astoreren asmoa gutxiengo handi bat mugiaraztea da; berezia izateaz gozatzen duen, bere buruarekin ongi
sentitzen den eta kontzientziarekin kontsumitzen duen jendea. Astoren zintzotasunez eta erantzukizunez egiten dituzte
arropak, jasangarritasun-parametroen arabera. Kirolean aritzeko diseinu ergonomiko eta erosoak, bereziki barneko
jardueretarako. Sortu zenetik du Astorek pilota-munduarekiko lotura, eta, hartara, euskal pilotari profesionalak janzten ditu
frontoietan zein frontoietatik kanpo.














