Asteburuko Gaztegunea Musakolara eramango du Udalak, “behin-behinean”

1
804

Udal-gobernuak adierazi du Erdialdeko Gaztegunea itxi duela, “Gaztegunea eta honen kanpoaldea” bizilagunen eta zerbitzuaren erabiltzaileen arteko “desadostasun-gune bihurtu delako”.

Udalak iragarri duenez, “Udaleko Gazteria Sailak Gazteguneen zerbitzua berrantolatuko du, eta Gaztetxokoko asteburuetako jarduerak Musakolara lekualdatuko ditu behin-behinean, auzotarrekiko bizikidetzan sortutako etengabeko arazoengatik”.

“Otsailaren 19tik aurrera asteburuko zerbitzua Musakolako Gaztelekuan eskainiko da. Zerbitzua astegunetan mantenduko da gainerako Gaztegunetan”.

Orain arte, larunbat eta igandeetan, auzoetako Gazteguneak itxita egoten dira; hau da, erdigunekoa da asteburuetan nerabeei zuzendutako zerbitzu bakarra. Horregatik, nerabeen topagunea da, baita kanpoaldea ere.

Zerbitzuak “hainbat urtez sortu ditu auzotarren artean, eta, azkenean, auzotarrek sinadurak bildu dituzte Gaztegunearen ondoko atarietan, Zerbitzuak komunitateari sortzen dizkion eragozpenak eta desordena agerian utziz eta lekualdatzea eskatuz”.

Urte luzez komunitatearen eta erabiltzaileen arteko “bizikidetza hobetzeko ahaleginak egin badira ere, hala nola lokalaren intsonorizazioa, hainbat bilera begiraleekin, familiekin eta bizilagunekin; azkenik, Udalak, komunitateak eskatzen duen lasaitasun-premiei erantzunez, zentroan asteburuetan eskaintzen den zerbitzua Musakolako Gaztetxokora lekualdatzea erabaki du, behin-behinean”.

Horrela, zerbitzua “etxe guneetatik kanpo” eskainiz, zerbitzuaren erabiltzaileek “beharrezko askatasunez jardun ahal izatea lortu nahi da”, baita “bizilagunen ongizatea bermatzea” ere.

Aldaketa “behin-behinekoa da”; izan ere, Gaztetxokoko zerbitzua “erdigunetik tren-geltoki zaharrera aldatzea aurreikusten da, Lanbidek aurtengo irailean bere bulegoak ELMA eraikineko beheko solairura eramaten dituenean”.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen