Hauek dira arrasateko taldeek asteburu honetan etxean zein kanpoan jokatuko dituzten partidak
Otsaileko lehen kirol jardunaldia heldu da eta lehiaketa ezberdinetako ligak pixkanaka txapelketaren azken txanpari aurre egiten hasi dira. Gainera kirol talde ugarirekin, taulako posizio bikainetan kokatuak daude aste hauei aurre egiteko. Hurrengo jardunaldiak erabat erabakigarriak izango dira uda aurretik taldeei nola joango zaien jakiteko, eta horregatik, jardunaldi bakoitzean garrantzitsuagoa bihurtzen da eskura dituzten puntu guztiak batzea.
Mondra Anaitasunaren aurka neurtuko da asteburu honetan Mojategin arratsaldeko 16.30etik aurrera, harmailetara animatzera hurbiltzen diren herritar guztientzat oso interesgarria izango den partida batean. Gainera, partida zaila izango dela aurreikusten da, talde bisitariak 39 puntu eta 12 garaipen lortu baititu orain arte jokatutako 19 partidetan.
Andoni Ezkurraren Leintz Arizmendik, bere aldetik, puntuak batzen jarraitu nahi du, orain arte jokatu diren partiden maila mantentzeko asmoarekin. Aste hontan Zarautz K.E.ren aurka neurtuko ditu indarrak Mojategin, larunbatean, 18: 30etik aurrera. Talde bisitaria azkenaurreko postuan iritsi da, beraz, Leintz Arizmendik dena alde du beste astebetez garaipena eskuratzeko.
Mondrate, bestalde, nahiko txapelketa erregularra egiten ari da, eta asteburuan etxean jokatuko du Sestao Futbol Sala taldearen aurka (ordua finkatzear dago), arrasatearrak txapelketa amaitu aurretik lehen postuetara igotzea lortzeko balio dezakeen partida batean.
Ford Mugarrik, bestalde, Ereintza Beissier izango du igandean Iturripen, 11: 30tan. Talde bisitariak 6 puntu besterik ez ditu lortu txapelketa honetan eta Patxi Garciaren mutilek dena dute alde asteburu honetako partidan emaitza ona lortzeko.
Azkenik, Arrasate Rugby Taldea Lekarozera joango da BRT Menditarrak taldearen aurka neurtzeko 16.00etatik aurrera.