Beheko testua: Udala / Argazkia: MB artxiboa
Irailaren 13an irekiko dituzte ateak Okendoko, Santamañako eta Usaetxeko ludotekek, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara. Ate irekiak: irailaren 13tik urriaren 1era. 3 ludotekak irekita egongo dira zerbitzuak bertatik bertara ezagutzeko.
Irailaren 14an zabalduko dira auzoetako gaztetxokoak, martitzenetik egubakoitzera, eta asteburuan Musakolako gaztetxokoa egongo da irekita.
Iritsi da iraila eta honekin batera Arrasateko Ludotekak eta Gatetxokoek ere ohiko jardunari helduko diote. Aurtengoan gainera, ohiko funtzionamendua berreskuratzeko pausuak emango dira: zerbitzuen aforoak %60ra handituta, sarrera-irteerak libreak izango dira, hau da, ahalbidetuko da Ludotekak eta Gaztetxokoak irekita dauden ordu eta egunetan parte hartzea, betiere indarrean dauden COVID protokoloak jarraituta.
Hezitzaileek azaldu dutenez, “honek aukera emango du zerbitzuak herriko haur eta nerabe gehiagorengana heltzeko, beti ere osasun eta segurtasun neurriak zainduta. Aisialdi hezitzailea oinarri duten kalitatezko zerbitzuak eskaintzea dugu helburu, gure herriko haurren eta nerabeen interesak, beharrak eta egoera emozionala erdigunean jarriz”.
Nabarmendu dutenez, Ludoteken eta Gaztetxokoen ekipamenduez gain, kanpo espazioak, kalea eta natur-guneak lehenetsiko dituzte.
Irailaren 13tik urriaren 1era Ludoteken ate irekiak
3-11 urte arteko haur guztiei zuzendutako zerbitzuak dira. Jolaserako eta gozamenerako guneak, ondo pasatzeko, pertsonen artean harremanak sortzeko, auzoan eta herrian parte hartzeko, sormena eta emozioak azaltzeko… beti ere, berdintasuna, euskara eta inklusioa oinarri hartuta.
Proiektuaren ardatza da familiekin elkarlanean aritzea, eta zerbitzuak modu seguruan zabaltzeko familiekin koordinatzea eta hauen inplikazioa sustatzea ezinbestekoak izango dira aurten ere.
Zerbitzuen irekiera: irailaren 13an irekiko dituzte ateak Okendoko, Santamañako eta Usaetxeko ludotekek, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara.
Ate irekiak: irailaren 13tik urriaren 1era. 3 ludotekak irekita egongo dira zerbitzuak bertatik bertara ezagutzeko, hezitzaileekin hitz egiteko, … Eta urriaren 4tik aurrera izena eman duten haurrek izango dute aukera ludotekara gerturatzeko.
Izen-emateak Ludoteketan edota Gazte bulegoan egin daitezke edota online www.arrasate.eus webgunean. Aukera egongo da hiruhileko bakoitzean izena emateko, edo urte osorako. Kuota: 30 euro / urtean (3 euro / urtean kuota murriztua).
Irailaren 14tik zabalik Gaztetxokoak
12 eta 17 urte arteko nerabeei eskaini nahi zaie espazio bat euren garapenean esanguratsuak diren arloak lantzeko: pertsonen arteko harremanak, parte hartzea, sormena, autonomia, emozioak…
Irailaren 14an zabalduko dira auzoetako gaztetxokoak, martitzenetik egubakoitzera, 17:00-20:00. Eta asteburuan Musakolako gaztetxokoa egongo da irekita, zapatu eta domeketan: 17:00-21:00.
Informazio zabalagoa eta argibide guztiak Gazte Bulegoan eskura daitezke (Biteri, 3) edota 943 25 20 65 telefonora deituz edo gaztebulegoa@arrasate.eus helbidera idatziz.