Arrasate Rugby Taldeko neskek Mojategin jokatuko dute aspaldiko partez

0
2513

Egun hauetako jai eta zubiek baldintzatutako asteburu berezi honetan, Arrasateko kirol talde nagusiek ere nahiko baldintzatuta dute euren agenda. Hala, Mondragon Unibertsitateko mutilek jokatuta, eta irabazita (67-71 gailendu zitzaizkien Easori lehen postua ia ziurtatuz), dute aste honetako jarduna, Mondrako futboleko neskek ez zuten horrenbesteko zorterik izan eta 0-4 galdu zuten Zarautzen aurka, eta mutilek, aldiz, jardunaldi bikoitza izango dute. Ostegunean 4-1 irabazi zieten Beasaini eta bihar Zumaian jokatuko dute. Bihar, larunbata, hiru taldek jokatuko dute etxean, Ointxe Smartlogeko neskek, Arrasate Eskubaloiko mutilek eta ART-ko neskek eta nabarmendu behar da, azken hauek aspaldiko partez Mojategin ikusteko aukera izango dugula, orain arteko etxeko partida gehienak Elorrion jokatu dituztelako. Asteburuko zitarik garrantzitsuena, ordea, Arrasatetik oso gertu jokatuko da, Bergarako Udal Pilotalekuan eta bertan Ander Muruak B mailako Binakako txapela eskuratu dezake, Gabirondorekin batera Jon Ander Peña eta Ruben Salaverri gainditzeko gai bada. Herritik jende asko gerturatuko da, ea denen artean txapela Arrasatera ekartzerik duten.

Etxean jokatuko duten taldeetatik hasita, behin arnasa hartuta, Smartlog Ointxeko neskek sailkapenean gora egiteko partida bat izango dute bihar Iturripen (18:30) Manresaren aurka. Arrasatearrak eta Kataluniarrak sailkapenean berdinduta daude, hamarna garaipenekin eta denboraldi amaiera lasai bat izateko asmoarekin neurtuko dituzte indarrak.

Esan bezala, Geurea RT-ko neskak, aspaldiko partez, Mojategin jokatuko dute. Txapelketa guztiak azken txanpan sartuta daude jada, baita Emakumezkoen Euskal Liga ere. Asteburu honetakoa sailkapen faseko azken bosgarren jardunaldia izango da, eta une honetan Joseba Zabalaren neskak hirugarren sailkatuak dira 39 punturekin, bigarren sailkatu Gipuzkoa Sortzenekin berdinduta eta egungo lider Gazteditik 14 puntura.
Gauzak horrela, larunbat honetan Hernaniren kontra garaipena eskuratuz gero, sailkapenean urrats berri bat emateko parada izan dezake Geurea RT-k. Zabalaren neskek aurrean izango duten aurkariak horretarako aproposa dirudi, zazpi punturekin baino ez, egungo azkenaurreko sailkatua baita. Hernaniarrek bi partidu baino ez dituzte irabazi aurtengo ikasturtean.

Neskek ez bezala, Kanpanzar Arrasateko mutilek etxetik kanpo jokatuko dute, Baztani egingo baitiote bisita. Azken jardunaldiko estropezuaren ostean, non Getxok puntuak eraman zituen Mojategitik, Julen Barrutiaren mutilek garaipenaren bidera itzultzea bilatuko dute, egungo bigarren postua sendotze aldera. Hala eta guztiz ere, azken jardunaldiko emaitzak aintzat hartuta, talde zuri-moreak honezkero ziurtatuta dauka sailkapen fasea aurreneko lau sailkatuen artean amaitzea eta, honenbestez, igoera fasea jokatzea.

Erronka zaila Arrasate Eskubaloiko mutilentzat

Azken jardunaldian Lezotik berdinketa baliotsu bat ekarri eta gero, erronka handia dauka Arrasate eskubaloi taldeak bihar, arratsaldeko 16.00etatik aurrera, Tolosa liderra hartuko baitu Iturripen. Arrasatearrek azpiko postuetatik ihes egiteko borrokan sartuta daude bete-betean eta puntuak eskuratzea premiazkoa dute, aurkaria edozein delarik ere.

Mondrako futboleko lehen taldeak ere ez du batere irteera erraza. Zumaiakoren etxean jokatuko du bihar, arratsaldeko 16:00etatik aurrera aurkari zuzen baten aurka. Kostakoek arrasatearrek baino puntu bat gehiago dute eta laugarren dira taulan, beraz, garaipena eskuratzeak taulan aurreratzeko aukera emango lieke zuri-moreei. Laugarren postura igotzeko Urkiren emaitzaren zain geratu beharko dute.

Mondratek, bere aldetik, Portugaleten jokatuko du, bihar baita, 16:30ean hasiko den partidan. Arrasatearrak Hirugarren Mailako txapeldun izateko atzeraka kontaketa hasia dute eta pausu erabakigarria eman dezakete oraintxe zazpigarren postuan dagoen taldearen etxean irabazita. Jarrillerosek Mondratek baino 20 puntu gutxiago eskuratu ditu orain arte.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen