“Asmoa eleberri erromantikoa idaztea zen eta misteriozkoa atera zait”

    0
    276

    Iker Murillo arrasatearrak ‘Hacia la Catedral’ bere lehen eleberria aurkeztuko du bihar, ostirala, arratsaldeko 19:30ean, Dublin Tabernan. Murillok 32 urte ditu eta kazetaria da. Egileak berak misteriozko eleberri gisa sailkatu du.

    Nola bururatu zitzaizun eleberri hau idaztea?

    Lehenago ere idatzi nuen nobela bat 17 urte nituenean. Inoiz argitaratu ez dudan abenturazko eta fantasiazko eleberri bat. Beti geratu zait nobela bat argitaratzeko nahia. Gaztetatik gustatu zait idaztea, eta ipuinak eta kontakizunak idatzi ditut, baina ezer argitaratu gabe.

    Nobela duela lau urte inguru gau batean neska batekin amets egiteagatik sortu zen. Oso gogoko nuen pertsona bat baina niretzat ezezaguna zena. Goizeko lauretan esnatu nintzenean konturatu nintzen oso denbora atsegina eman nuen pertsona hura ez zela existitzen. Hil berria balitz bezala zen. Hain pena handia eman zidanez, berehala hasi nintzen hartaz idazten. Eta hori da liburuaren lehen kapitulua.

    Oso zaila egin zitzaizun eleberria idaztea?

    Egia esan, eleberria bakarrik idazten joan zen. Liburuaren erdira arte ez nuen argi izan nobela bihurtuko zenik. Lehen kapitulu hura idatzi nuen, eta ondoren galdera hauei erantzun nien: Irekitzen badut etxeko atea? Kalera ateratzen banaiz? Eta horrela sortu ziren ideiak eta kapituluak.

    Sentipenengatik idatzi nuen liburu bat da, ez zuen inolako plangintzarik izan. Erabat organikoa izan zen. Dena planifikatu izan banu, seguruenik ez nukeen bukatuko. Horren ondorioz, zuzenketa-lana nekezagoa izan da, kapitulu batzuek ez baitzidaten ezertarako balio.

    Pertsonai honi buruz idaztea zaila izan zen, ez nuelako inolako oinarririk, erabateko amnesia duen pertsonaia bat da. Gainera, girotuta dagoen lekua ere asmatua da, eta, beraz, irudimen lan handia egin behar izan dut.

    Kazetaritzaren munduan, idazten irakasten dizutenean, 5 W, (Non, Noiz, Nola, Nor eta Zergatik) jarraibideei jarraitu behar diezu. Nik idatzi dudan liburua, a priori ez da bostetatik bakar bat ere agertzen. Bostak ez egotea bera da liburuaren argumentua.

    Zer zailtasun izan dituzu eleberria argitaratzeko?

    Argitaratzea pentsatu nuenean pandemia iritsi zen. Hor nobela pixka bat ahaztu nuen. Gero liburuarekin haserretu nintzen, ez zitzaidalako gustatzen. Iazko azaroaren amaieran, azkenean, argitaratzea erabaki nuen. Argitaletxe batzuetara bidali nuen, baina ez nuen erantzunik izan. Puntu horretan autoargitalpena erabaki nuen, eta Circulo Rojo argitaletxearen bidez egin dut.

    Zer istorio kontatzen duzu eleberrian?

    Amnesiarekin esnatzen den pertsona baten istorioa da, hutsik dagoen etxe bateko ohe batean, hutsik dagoen eraikin batean eta hutsik dagoen hiri batera irteten dena. Duen oroitzapen bakarra amets egin berri duen neska batena da. Ez dela ezertaz gogoratzen, eta uste du jakiteko nor den eta non dagoen, pertsona hori aurkitu behar duela. Orduan hasten da bere bila hirian zehar.

    Izan al daiteke, neurri batean, istorioaren protagonista zu izatea?

    Izan nuen amets batean oinarrituta badago ere, eta gainera lehen pertsonan idatzita, baina ni ez naiz eleberriko protagonista.

    Zergatik ‘Hacia la Catedral’ izenburua?

    Izan ere, liburuan katedral bat agertzen da, eta hara joan behar da protagonista. Egia esan, liburuaren protagonista nagusia bihurtzen da azkenean katedrala.

    Nork egin du azalaren diseinua?

    Azala Amaia Azkaratek diseinatu du. Katedral bateko beirateetatik irudiak hartu eta collage bat egin du, desordena-sentsazioa emateko. Protagonistaren buruaren barruan dagoen labirintoa aditzera eman nahi du.

    Beste eleberri batzuk idazteko asmoa duzu?

    Beste istorio batzuk idazten jarraitu nahi nuke. Gainera, liburu honek jarraipena izan dezake. Nahiz eta amaiera itxia izan, irakurleak egiten dituen galdera guztiei erantzuten diena, bada azken kapitulu bat istorioarekin jarraitzeko atea irekita uzten duena. Nobelak izango duen harreraren arabera pentsatuko dut zer egin.

    Zein lan da zailena kazetariarena edo nobelagilearena?

    Errazagoa egin zait eleberria idaztea, errealitateak beti fikzioa gainditzen duen arren, nahi izan dudana idazteko askatasuna izan baitut. Gainera, ez duzu eraginik inoren bizitzan. Errazagoa da idazten dudanaren jaun eta jabe naizelako. Uste osoa dut nire buruak emango dizkidala eleberriak egingo dizkidan galdera guztien erantzunak.


    Eleberria Amazon-en, Casa del Libro-en(baita Ebook-en ere) eta Libros.cc. eros daiteke. Arrasaten ere erosi ahal izango da Dublin Tabernan edo egilearekin harremanetan jarriz bere posta elektronikoaren bidez: iki.murillo@gmail.com

    ERANTZUN BAT UTZI

    Zure iruzkina utzi, mesedez!
    Sartu zure izena hemen