Asier Azkarate izan da aurtengo edizioko zortzi hautagaien artean boto gehien jaso dituena. Kirol talde onenaren saria Mondratek jaso du, Malen Ruiz de Azuak kirol ibilbidearena eta Ivan Velascok jaso du kirol errekonozimenduaren saria.
Beste behin, Arrasate Kirol Sariak banatu dituzte Kulturolako arkupean. Aurtengoan lau sari izan dira; Udalak erabakita, kirol talde onenaren saria, kirol ibilbidearen saria, eta kirol errokonozimendua eta herritarren bozko bidez, kirolari onenaren sari potoloa.
Ekitaldiarekin hasteko, Izadi Zumaldek abestu du, giroa berotzen joan zedin, eta ondoren, sari banaketari ekin diote.

Kirol errekonozimenduaren saria banatu dute lehendabizi. Ivan Velasco txirrindulari ohiak jaso du saria Maider Morras alkatearen eskutik. Euskaltelen eta Caja Ruralen aritu ostean, gaur egun, Movistarren ari da kirol-zuzendari lanean. Frantziako Tourrera begira dago Velasco eta saria jaso izana eskertzearekin batera, Movistar taldeak dituen errekurtsoak baliatuz, zer esana ematen sahiatuko direla adierazi du.

Banatu duten bigarren saria kirol ibilbidearen saria izan da eta Malen Ruiz de Azuak jaso du. Pertika jauzian aritu zen lehiatzen iaz erretiroa hartu zuen arte. Bere ibilbide oparoan, hainbat aldiz izan da Espainako txapeldun eta hori saritu nahi izan dio Udalak. Saria jaso ostean, ea entrenamenduak faltan botatzen ote dituen galdetu diote, eta berak, ezetz esan du, beste ekintza batzuekin betetzen du bere eguna eta noizbehinka atletismo pistara ere hurbiltzen dela adierazi du, lagunak bisitatzera.

Espero bezala, Mondratek jaso du kirol talde onenaren saria. Zer esana eman dute azken urte onetan. Liga hirugarren amaitu ostean, Errege Kopa jokatzeko txartela eskuratu zuten playoff bat irabazi ostean. Xabi Gorroñogoitia kapitainak adierazi du luzea izan dela denboraldia eta nekatuta bukatu dutela. Hala ere, irailaren hasieran espero dute jokatzea kopako lehen kanporaketa eta atsedena ere ohi baino motzagoa izango dela ere esan du.


Kirolari onenaren saria
Azkenik, kirolari onenaren saria banatu dute. Aurten ere herritarren artean, bozka bidez erabaki dute sariaren irabazlea. Zortzi kirolari hauen artean aukeratu ahal izan da: Unai Axpe (plater tiratzailea), Ander Murua (pilotaria), Eneritz Urrutia (triatloilaria), Aitor Madinabeitia (karateka), Maialen Axpe (atleta), Oihan Zulueta (atleta), Asier Azkarate (mendi lasterkaria) eta Eider Gutierrez (igerilaria).
Guztira 432 boto izan dira eta Asier Azkarate nagusitu da botoen %27a jasota, atzetik Aitor Madinabeitia eta Eneritz Urrutia izan direlarik botoen %23a eta %21a jasota hurrenez hurren.
Asier Azkarate, gaztetan txirrindularitzan aritu ostean, mendi lastekerketetan nabarmentzen ari da azken urteetan, eta Arrasate Udalatx mendi lasterketan adibidez, podiuma zapaldutakoa da iada. Aurten gainera, Galdameseko mendi lasterketan nagusitu ostean, Euskadiko Lineako txapeldun bilakatu zen, ondo merezitako saria jaso du beraz Azkaratek. Mendi korrikalaria pozik agertu da jasotako errekonozimentuarekin eta botoa eman dion pertsona orori eskerrak eman dizkio.






