ART, Mondrate, Ford Mugarri eta MU lanera bueltatuko dira asteburuan

0
653
FORD MUGARRI

Leintz Arizmendik eta Mondrak Errege Eguneko asteburuan jokatu zituzten urteko euren lehen norgehiagokak.

Gabonetako etenaldiaren ostean gure talde gehienak lanera bueltatuko dira asteburuan, Mondra eta Leintz Arizmendi izan ezik. Hauek Errege Eguneko asteburuan lehiatu zituzten urteko lehen norgehiagokak.

Jardunaldia eskubaloiak irekiko du, eta  lan bikoitza izango dute Ford Mugarriko mutilek. Bihar arratsaldeko 20:30tik aurrera Txikipolit taldearen aurka jokatuko dute Zarautzeko kiroldegian. Partidu honek abenduaren 21an jokatzekoa zen, baina itogin bat zela eta arbitroak partidua geldiarazi zuen.  Igandean berriz, Ilcapo Hondarribiaren kantxa bisitatuko du talde arrasatearrak eguerdiko 12:00etan (Hondartza kiroldegia).

Futbolari dagokienez, Mondrak eta Leintz Arizmendik larunbatean jokatuko dute. Mondrak arratsaldeko 16:30ean Euskalduna taldearen bisita jasoko du Mojategin. Urteko lehen garaipenaren bila irtengo da talde zuri-morea Eibarren 2-1 galdu ondoren. Leintz Arizmendiko neskek berriz, etxetik kanpo jokatuko dute, hain zuzen, Urnietaren futbol-zelaian arratsaldeko 16:00etan. Modu ezin hobean hasi dira urtea Andoni Ezkurraren neskak etxean Zumaiakoren aurka 2-0 irabaziz.

Bitartean Musakolako kiroldegian Mondratek hasiera emango dio urteari etxean Soloarte taldearen aurka. Hitzordua arratsaldeko 17:30ean izango da, eta aukera polita izango dute arrasatearrek garaipen berri bat eskuratzeko. Soloarte  azkena da sailkapenean, soilik bi garaipenekin.

Saskibaloiarekin jarraituz, Mondragon Unibertsitateak Santurtziren kantxa bisitatuko du. Arratsaldeko 18:45tik aurrera El Puerto kiroldegian jokatuko dute urteko euren lehen partidua Iñaki Ogaranen mutilek. Denboraldi konplikatua izaten ari da bizkaitarrentzat, baina hala ere arerio gogorra izaten jarraitzen  du Santurtzik.

Errugbiak itxiko du jardunaldia igande goizean, eta sailkapen faseko azken jardunaldia jokatuko da.  Honen baitan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak Gasteizera joango dira, eta Gaztedi B taldeari egingo diote aurre.  Arabarren eta gipuzkoarren arteko norgehiagoka Gamarrako errugbi zelaian jokatuko da, 11:30tik aurrera.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen