Arrasate Errugbi Taldeko jokalarien amek osatutako taldea, Pirolitikak, Andaluzia aldean izan dira asteburuan. Sevillako San Jeronimo errugbi zelaian izan den hiruko txapelketan hartu du parte ordezkaritza arrasatearrak, Valladolizeko Wonder VRAC eta Sevillako LaCartijas taldeekin batera.
Bestalde, martxoaren 25ean Mater Series torneoa jokatuko dute Bilbon. Txapelketa honetan 16 taldek hartuko dute parte, 375 parte-hartzaile guztira. Parte hartzeko baldintzak 35 urte baino gehiago izatea eta ama izatea dira.
Iazko martxoan eman zituen aurreneko pausoak ART-ko amen taldeak, klubeko zenbait jokalarien amak elkartu eta taldea osatzea bururatu zitzaien momentuan. Horretarako, ate irekien zenbait jardunaldi antolatu zituzten, eredu gisa Gaztedi Errugbi Elkarteko Kamalehoiak taldea hartuta. Zentzu honetan, gasteiztarrekin zenbait lansaio burutu dituzte eta, Gasteizen, hain justu ere, debuta egin zuten 2022ko uztailean Mater Series izeneko txapelketan. Gasteiztarrekin eta ART-ko beteranoekin batera, Hondarribiko Rugby Beach delako txapelketan ere parte hartu zuten, finalerdietarako txartela eskuratuz. Azken irteera azaroan burutu zuten, Sitgesen izandako txapelketa batean parte hartuz. Hori baino lehen, Bilbon izan ziren baita ere.