Art Décoaren jarraipena [Ramon Ugalderen testua]

0
767

Bere garaian, estilo hau ez zen gizarteko sektore guztien gustukua. Izan ere Art Déco burgesiaren sektore bateko estiloa da. Burges txikiena eta Elizaren sektore batena ere
bai. Zerrajerako ugazabek ez zuten apenas erabili estilo hau, Gerra osteko Falangeko arkitektoen gustokoa ere ez zen, eta dirudienzez ezta langile sozialistena ere. Sektore hauek garatzen duten arkitektura, funtzionalistagoa, soilagoa, arrazionalagoa izango da.

Orokorrean arkitekturaren inguruan etengabe dagoen eztabaida gure artean eman zen
eta hona hemen bi lekukotasun:

1.- Pio Barojak “El cura de Monleon” Arrasateko sozialisten ahotan jarritako iritziak. Los socialistas le oían y sonreían. Alguno le llegaba a decir:
—Sí; pero usted tiene una casa mejor que la mía y un piano.
—Así que si cambio de casa y el piano se desafina ya soy un proletario. Qué
estupidez. Además que habrá unos que tengan la casa mejor que usted y otros
peor.
—Nosotros queremos que todas las casas sean iguales.
-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-.-
2.- Eta Marixol Iparragirre eta Joseba Garitaren “ Malbe” liburuan Modesta Arangurenek nola ikusten zuen Malbe baserria berriztuta zegoenean:

Malbenien ekonomika euen ,inok ezeuken orduen. Malbe etxe zoragarrixe zan, leihuek urdinez pinttaute, bi balkoi aurrekaldien, enda balkoiko barandauek bolintxe dorauek euken buruen. ……ikusgarrixe.

Art Décoaren beste bitxi batzuk Arrasaten


Aurreko atal batean esan nuen Art Décoa 1945erarte luzatu zela. Eta Arrasaten ere gutxi gora behera epe hori betetzen da. 1936-37ko gerrateak etenaldi bat ekarri zuen, baina geroago estilo hau berriro erabili zen. Estilo honetan eraiki ziren Arrasateko eraikin dotore asko edo beste eraikinen moldaketa egiteko erabili zen.

Art Décoarentzat, edo behinik behin estilo hau jarraitzen dutenek etxe bizitzari garrantzia ematen diote. Badago, orokorrean, bizitzaren alor asko “estetizatzeko” halako desio edo borondate bat. Estetizazio horren zantzu bat etxeari izena jartzearena da. Alaitasun eta edertasun ukitu bat adierazi gurako balute edo…Arrasaten bi tendentzia nabaritzen dira, etxe batzuk euskarazko izena daukate eta beste batzuk erdarazkoa. Nahiz ta arkitektonikoki etxe guztiek aparteko kategoriarik ez izan, izenetan ezin da ukatu estetizazioa. Erdarazko izenetan Villa tranquila, Villa Amparo…

Euskarazkoetan euskara “modernista” darabilte ez Mondragoeko euskara, izan ere uste zabala da gure “euskerie” ez dela dotorea. Beraz, izenak ere halakoak: Ibai-alde, Toki Alai, Pendiz Alai, Ikusteder, Oian Eder, Lauaxeta (?) …baina alaitasuna eta dotorezia trasmititzeko gogoa ezin ukatu. Kasu guztietan ez da maila handiko arkitektura baina. Bestaldetik ia 50. Hamarkada arte luzatzen da Art Décoaren izpiritua. Eta esango nuke euskalduntasuna azpimarratzeko borondate ezkutu bat dagoela. Aurrekontu txikiko etxeak izan arren apainduraren bitartez ere euskal “ukitu” bat ematen diote.

60. hamarkadatik aurrera arkitektuta “arrazionalista” nagusituko da erabat, oinarrizko beharrak betetzeko funtzioa izango duena. Ikuspuntu ekonomizista itsua nagusitu zen eta eraikinak “dotoretzen” ez dute baliabiderik galduko. Falangearen eraginpeko auzoetan ere Art Décoak ez du lekurik izango. Estilo hau gerra ostean ere burgesia eta burgesia txikiarena izango da.
Egoitza funtzioko arkitektura

Etxebizitzetan hiru eraikin dira, nire ustez azpimarragarriak, hirurak gerra ostean eraikitakoak:


Elmako txaleta:
Orain dela gutxi egindako obrakin nahiko desitxuratuta dago, baina eraikin ederra da inolaz ere. Konplexutasuna elementu guztietan ikusten da: fatxadako materialetan ( harrizko plakak, raseatua eta adreiluak, pisu bakoitza berezitzeko), fatxaden konplexutasuna ( fatxada liso bakar bat ere ez du) eta teilatuak ( zortzi edo bederatzi hegalekoa), leihoen aniztasuna (forma eta tamainan). Eta babesteko hormatxo bat inguruan burdinazko hesi batekin.

Zarugaldeko Azkarate Etxea
Gaur egun Mundukide fundazioaren egoitza. Mendiaren magalaren kontra jasotako erakina. Baina nolabaiteko oreka gordeaz, terrenoari egokituta. Adibide honetan ere ikusten da etxearen elementu guztiak edo gehienak estetizatuta daudela: atea, terrazak, teilatua, torretxoa bere kantoiko zilindrikoekin. Teilatuko gailurreko beleta…Garai baten dotoreagoa zen
Zarugalde kaleko gaineko galeriarekin. Terrazako adreiluzko barandilla…

Arrasate Pasealekuko Pendiz Alai:
Honek ere lotura du Elmako ugazabekin. Arrasateko Pasealekutik San Andreserainoko malda zorrotzean lortutako orubea aprobetxatzen du. Itxura serioagoa erakusten du, dudarik gabe.

Abade Etxea
Bestaldetik, Arrasateko Eliza ere nahiko modernoa izan zen hogeiko hamarkadan, eta Abade Etxean eta beste elementu batzuetan estilo honen ezaugarri batzuk ikus daitezke Joan den mendeko 20. Hamarkadakoa. Herriko pertsona dirudun batzuk jarritako diruarekin altxatu zen. Parrokiako abadeentzat egoitza eta eskola moduan funtzionatzeko. Horregatik da hain handia. Nire ustez handitasun neurtu bat erakusten duen eraikin”lotsati” bat da. Baina detaileetan ikusten da asko pentsatutako eraikin bat dela baina bere edertasuna agerian azaltzen ausartu barik. Fatxada bakoitza diferentea izanik Iturriotz kalera ematen duena da nabarmenena ( ez didazue ukatuko beirate bat ez duela eskatzen).

Pinturarekin jolasten ere ez ziren ausartu, eta horregatik itxura “zurrun” hori. Baina begiratu imajinatibo batekin ohartuko gara oso eraikin “elegantea” dela.

Arkitektura erlijiosoa
Aldi honetako Arrasateko parrokoa Jose Joakin Arin izan zen, dirudienez apaiz euskalzale eta modernoa. Ez daukat datu askorik baina bere ekimenak izan ziren Arantzazuko peregrinazioa antolatzea (oso ekintza polita garai hartan, kristautasun alaiago batekin konektatzen zuena, edo Tellamendin burdinazko gurutze bat jartzea, edo Iturriozetik San Joseperaino gurutzbidea paratzea eta horretarako gurutze dotoreak enkargatu zituen. Gurutzeak oso imajinatiboak dira, besoen ardatzen aldaketekin jolas geometrikoak egiten dituztenak, eta errematetan bolak. Gaur egun, horrelako ekimena land artearen barruan kokatuko genuke. Dagoeneko ia ez da gurutzerik geratzen eta gurutzbidea ere moztuta dago.

Bera izan zen Tellamendiko gurutzearen bultzatzailea. Aramaioko jeltzaleek jaso zuten, 1935an. Burdinazko perfilak erabili zuten zelosian errematxatuta, gurutze liraina da eta bertan jarritako esaldia ere oso adierazgarria:


Belamendi ko Gurutze Deuna
Aretxabaleta´n egin eta
Aramayotarrak jasorikua

Zabaldu egizu ibar onetan
Gizarte Pakea ta Zoriona
J.E.L

Badirudi garai hartako II. Errepublikako giro nahasian konjuro moduko bat egin nahi izan zutela. Ez zuen asko balio izango: hurrengo urtean gerra lehertu zen eta Jose Joakin Arin fusilatu egin zuten. Agian metafora esanguratsua: Art Déco ez da izan estatuaren gustoko estiloa ez errepublikanoena eta ez frankistena.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen