‘Art Decoaren diztirak Arrasaten’ [Ramón Ugalderen testua]

0
1872

Art decó delakoa 1920-1945 bitartean hedatzen den mugimendu artistikoa da. Bere sorrera 1925eko Parisko arte dekoratibo eta industrialen Erakusketan kokatzen da, data bat jartzeagatik, eta II mundu gerraren bukaerarekin amaitzen da. Dena dela arte “mota” honen aurrekariak 1910ean daude, eta neurri batean Modernismoaren “gehiegikerien” kontrako erreakzio gisa aurkeztu daiteke. Hala ere Art decóaren sailkapenaren barruan eraikin asko sar daitezke, itxura batean zerikusi gutxi izan dezaketenak elkarrekin. Neurri handi batean luxuzko arkitektura da, oparotasuna adierazten duena. Teknika industrialak erabiltzen ditu, artsisau lana baztertu barik, baina batez ere kategoria handiko profesionalen eskua ikusten da: Art décoaren eraikinetan ireltsero, beirategile, argin, eta errementari trebe askoren lana dago. Materialetan ere denetarik erabiltzen dute, hormigoia, harria, egurra, adreilua …

Gure artean estilo honetako eraikin askotan, batez ere etxe bizitzetan, “euskal estilo” bat hartzen dute, eta horregatik askotan estilo hau “neovasco” edo “arquitectura regionalista” moduan ere ezagutzen da. Baina izen honi buruz ohartarazi behar dugu, joan zen mendeko 20. Hamarkadan “euskal etxearen” arketipoa planteatu zenean Lapurdiko baserriaren eredua hartu zutela, batez ere txaletak eta horrelako etxe bakanak eraikitzeko, baina aldi berean Lapurdiko kostaldea udatiar aberatsen modako lekua bihurtu zenez estilo berri bat sortu zen,Lapurdiko etxe tradizionala eta Art décoaren elementuak nahasten zituena. Eta Arrasaten badaude Lapurdiko kostaldean oso egoki kokatuko liratekeen eraikinak. Horregatik Artearen historialari batzuk estilo hibrido bat dagoela baieztatzen dute, néo-basque eta Art déco nahasten duena eta hainbat izen asmatu dituzte fenomeno arkitektoniko hau izendatzeko: Art decó basquisant, edo euskal ikutuko Art decó edo alderantziz estilo “neo vasco” Art decóaren ikutuekin. Eta ni ere ausartu egin naiz Arrasaten dauzkagun hainbat eraikin eta elementu arkitektonikoak estilo horren barruan sartzen, lizentzia askorekin hori bai. Baina arte historia liburu geheienetan horrelako lizentiziak hartzen dituzte. Modernismoa, art Déco, arkitektura modernoa, arkitektura industriala …erabiltzen dute libertate askorekin.


Lantxo honek ez dauka inolako asmo akademikorik, eta baliteke zenbait liburutan hemen komentatuko ditugun eraikin batzuk beste sailkapen batean sartzea, baina lan honen helburua esan bezala bestelakoa da, herritarren begirada artistikoa zabaltzea, besterik gabe. Ez dugu jo artxiboetara ahozko testigantzetan, konparazio edo alderaketan, eta publikazio desberdinetan jasotako datuetan oinarritu gara.

Olariaga Etxea
Estilo honen aurrekaria Olariaga Etxea izan daiteke, Erdiko Kalea eta Ferrerias kalea batzen diren kokalekuan. Bere arkitektua Juan Carlos Guerra Palacios izan zen, Juan Carlos Guerra genealogistaren semea. Arkitekto honek lan interesgarriak egin zituen Donostian (Akuarioa) nahiz Bilbon. Etxe hau bi pisutakoa da, planta karratukoa baina ez laukizuzena. Erta Europako modernismoaren eragina jasotzen duela esango nuke.

Nabarmentzekoa da teilatuaren hegala eta paretaren arteko lotura kurboa eta erabiltzen duten “raseado tiroles” delakoa. Aipagarriak dira ere leiho zabalak eta leiho eta balkoietako burdin lanak bere kurba eta dibujo konplexuekin. Beirate edo bidrieraren bat ere badago, lorak direlarik apintzeko motiboa. Eta aipatu gabe ezin dugu utzi Arrasateko udaleko hirigintzako araudiaren ondorioz eraikin eder hau neurri handi batean itxuragabetu egin dutela, jatorrisko raseatuaren ordez plaka marroixka batzurekin estali dute beheko pisua eta garai bateko inskripzio dotorea, letra décoekin (Olariaga) desagertu egin dela.


Eta bestaldetik nabarmentzekoa da Elmako ugazabekin lotutako eraikin batzuk bete betean estilo honetan sartzen direla. Beste ezaugarri bat nabarmenduko nuke: burgesia “errebeldearen” estiloa da. Art décoaren aurrekaria, modernismoa alegia, Kataluniako burgesiarekin eralazionatuta dago. Arrasaten estilo hau oso lotuta dago Elma enpresarekin. Badirudi Elmako fundatzaileak Zerrajeratik atera zirela, eta Zerrajerako jabeek ez zutela ondo “irentsi” Elmako fundatzaileen ihesa. Art déco estiloa oparoagoa da, alaiagoa, edertasuna bilatu nahi du eta Zerrajerak egiten duen arkitektura guztiz bestelakoa da, zurruna, apaindura gutxikoa, bolumen exajeratukoa, bere boterea inolako konplexurik gabe non nahi erakusten duena,bere denborako kode zibila ere errespetatzen ez zituztenak: Ofizinen eraikina, Aprendizes Eskolako erremate “faszistoidea”, erreka gainean jasotako Erlojuaren eraikina … Pentsa dezakegu Elmako eta Zerrajeraren ugazaben arteko diferentziak nahiko sakonak izango zirela. Hala ere Zerrajerakoak ere erori ziren Art decoaren “pekatuan” baina modu arinean. Baina hori beste atal batean aztertuko dugu.

Ez dugu lortu eraikin barruko argazki gehiago baina zoruan ere koloretako porlanekin egindako marrazki eleganteak daude. Argazki hauetan nahiko ondo ikusten da eskulan trebea aritu zela: burdinagintzan, igeltseritzan, leihogintzan. Eraikin hau bere dotoreziakin estilo honetako onenen artean kokatuko nuke. Zenbait liburutan “arkitektura industrial” moduan katalogatzen da, baina hala ere ez dauka inolako babes legalik. Izan ere, itota geratu da Gelmako etxeen artean. Nor izan zen bere arkitektua ez dago argi, Luis Arana edo Luis Aranoa? Eta agian arkitektoa barik ingenieroa izan zen. Eraikin honen deskripzioa Josune Zalduak egin du. Beste eraikin interesgarri bat Ikusteder etxea da, Arrasate pasealekuan kokatuta dagoena. Izena ere garai hartako Mondragoeko burgesiaren “joie de vivre” ren adierazpena. Iparraldeko etxeetan ere izenak jartzeko ohitura ere zabaldu zen,Lapurdiko kostaldean euskaraz eta Baionatik gora gaskoinez. Etxe honetan ere estiloaren konplexutasuna nabarmentzen da, teilatu ugari, hormigoiaren erabilera trebea zuraren itxura emateraino. Fatxada lisotik ihes egiteko borondatea: lau fatxada baina bakoitza bere berezitasunarekin. Aurreratzen diren balkoiak eta leihoak, leiho biribilak, harriaren eta dreiluaren erabilera dotorea kanpoko hormetan. Burdinazko hesia oso marrazki interesgarriekin, etxea kaletik nolabait babesteko, eta beleta interesgarri bat teilatuan. Elementu tradizionalak eta artisauen trebeziak kodigo moderno batekin interpretatzen asmatu zuten.

Pisu askoko etxe hiritar baten adibide polita, Sagardotegi edo Markiegieneko Etxea daukagu. Hau ere gerra aurreko eraikina da , lau pisukoa, Olarte kalean kokatuta, Bi fatxada dira nabarmenduko nituzkenak. Balkoiak, fatxadatik irtetzen diren leihoak. Moldurak fatxada apaintzeko, Etxearen goialdeko eskina apaintzeko zilindro edo moduko bat, elementu hau Iparraldeko Art Décoaren etxeetan oso ohikoak, dirudienez Nafarroako dorretxeetatik hartua, eta teilatua errematatzeko bi pinakulo. Beheko solairuan eskaparate zabala, ildaska horizontalak hormari zurruntasuna kentzeko edo.

Aurreko hiru eraikinak gerrra aurrekoak dira. Gerra Zibilaren ostean estilo honetan egin ziren zenbait eraikin Arrasaten. Eta orokorrean esan dezakegu estilo arrakastatsua izan zela, baina arkitektura hau berez nahiko garestia da eta hartzen dira estilo hone elementu batzuk etxe apalagoak apaintzeko. Beste batean aztertuko dugu hau. Orain komentatuko dugun eraikina ez dakigu gerra aurrekoa den edo gerra ostekoa. Elmako ugazabekin lotuta dago hala ere. Hona ekarten dugu betetzen dituelako estilo honetako hainbat ezaugarri, eta Arrasateko alde zaharreko orube batean konponbide egokia ematen asmatu duelako: hiru solairu baino ez eta berez nahiko orekatua geratzen da altueran, Beheko solairuan harearrizkoa, atearen alboetan goi partean bi lehiotxo biribilak ( intimitatea nolabait babesteko), eta solairu bakoitzeko kanpoaldea bereizia, lehenengoan burdinazko balkoi dotorearekin eta bigarren pisuko fatxadan adreiluzko apaindura lerro horizontalak iradokitzen dituztenak. ( Elman beheko solairuan horizontaltasun hori moldurakin lortzen dute eta Sagordotegienan estriakin ,ildaxkakin)eta hiru leiho puntu erdian errematatzen direnak. Gure ustez bost adibide hauek nahiko garbi erakusten dute Arrasaten kalitatezko arkitektura egin zela eta lotuta zegoela Europako modernitatearen tendentziekin. Lan akademiko sakonago bat merezi du eta hemen botatzen diren hipotesiak konfirmatu edo ezeztatu egin daitezke. Ea inor animatzen den!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen